FRANKISMOKO KRIMENAK

Hiru ministro frankisten estradizioaz galdetu dio Auzitegi Nazionalak fiskalari

Biktimen senideek Eloy Velasco epailearen aurrean salatu dute Espainiako Barne Ministerioak legeria urratu duela, frankismoko krimenen harira Servini epaileak akusatutako hogei lagunak ez dituelako atxilotu.

Maria Servini Argentinako epailea, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian, iazko maiatzean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
2015eko urtarrilaren 30a
11:32
Entzun

Frankismoko krimenekin lotura izan zutelakoan hogei lagun galdekatu nahi ditu Maria Servini Argentinako epaileak. Zerrenda horretan pertsona oso ezagunak daude, frankismoko buruzagi politikoak, eta Polizian garai hartan aginte postu altuak zituztenak; ezagunenen artean, Rodolfo Martin Villa ministro ohia.

Akusatuak atxilotu ez dituztela-eta, kexa agertu diote biktimen elkarteek Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileari. Horien ustez, Espainiako Barne Ministerioak "utzikeria larriz" jokatu eta legeria urratu du Servini epaileak akusatutakoak ez atxilotzeagatik.

Horren aurrean, Velascok fiskalari informazioa eskatu dio, akusatuen atxiloketa eta estradizioaren inguruan, eta auzipetuekiko duen jarreraz ere galdetu dio.

Iazko azaroan, Argentinako Interpolek eskatu zuen "berehala" atxilotzeko Servini epaileak galdekatu nahi dituenak, horiek Argentinara estraditatzeko. Espainiako Barne Ministerioak fiskalaren esku utzi zuen auzia, argudiatuz Argentinako eskaerak ez zeudela behar bezala eginda. Elkarteek hori ere kritikatu dute, argudiatuz fiskalak ez duela eskumenik atxiloketen inguruan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.