Hiru pertsona atxilotu ditu Guardia Zibilak Gipuzkoan, ETAko kide izatea egotzita

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, 2001ean lapurtutako auto bat eta ehun kilo lehergai atzeman dituzte miaketetan. Atxilotuetako bat polizia etxean aurkeztu zen martxoan, baina epaileak aske utzi zuen

jokin sagarzazu
Donostia
2010eko irailaren 30a
00:00
Entzun
Guardia Zibilak hiru euskal herritar atxilotu ditu Gipuzkoan, ETAko kide izatea egotzita. Xabier Atristain Usurbilen atxilotu dute, eta Juan Carlos eta Jesus Mari Besance anaiak, Villabonan. Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du polizia operazioa. Espainiako Barne Ministerioaren arabera, berrehun poliziak baino gehiagok parte hartu dute operazioan, eta, gutxienez, zortzi etxe eta lokal miatu dituzte Gipuzkoako hainbat herritan. Atxilotuak inkomunikatuta daude Guardia Zibilaren eskuetan.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak «benetako kezka» agertu du atxilotuek polizia etxean jasan dezaketen tratua dela eta. Komukabideei igorritako ohar batean nabarmendu du aurten inkomunikazio egoeran egon diren 28 atxilotuetatik 24k torturak salatu dituztela. Duela bi aste Ekineko kide izatea egotzita atxilotu zituzten bederatzi euskal herritarrek guardia zibilen eskuetan inkomunikatuta egon ziren egunetan «tortura basatiak» jasan zituztela salatu zuten epailearen aurrean.

Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta, Espainiako indar armatuek aste honetan egin duten bigarren polizia operazioa da atzokoa, eta hirugarrena irailaren 5etik, ETAk eraso ekintza armatuen etena jakinarazi zuenetik. Aurrena, duela bi aste izan zen, Ekineko ustezko bederatzi kideren aurkakoa. Eta, herenegun, Askapena erakunde internazionalistako zazpi kide atxilotu zituzten.

Atristainen kasuan, berri agentziek azaldu dute Usurbilen atxilotu zutela, atzo goizaldean. Ondoren, 10:30 inguruan, Donostiako San Martin kalean ustez harena den etxe baten miaketan parte hartu zuela adierazi dute.

Besance anaiak, berriz, Villabonako Oriamendi auzoko etxebizitza batean atxilotu zituzten, 09:00 inguruan. Lekukoek Tolosaldeko Hitza-ri jakinarazi diotenez, komunikabide batzuk 04:00etan herrian ziren jada. Poliziek etxeko atea «ostikoka» bota zutela adierazi dute lekuko horiek.

Ia lau orduz izan ziren guardia zibilak etxea miatzen, eta atxilotuekin batera etxean zirensenideek ezin izan zuten bertatik irten. Atxilotuen anaia bat «etzanda, lurrera begira eta eskuburdinekin» izan zutela salatu dute.

Etxe inguruak ere hesituta eduki zituzten, Ertzaintzaren laguntzarekin. Miaketak iraun zuen orduetan, baina, herritar talde bat bildu zen atxilotuei elkartasuna eta babesa helarazteko. Maixabel Arrieta Villabonako alkatea ere han izan zen, atxilotuen familiaren deia jaso ondoren. Atxiloketei buruzko informazioa eskatu zuen, baina poliziek ez zioten erantzunik eman. Une batean ika-mika sortu zen herritarren eta polizien artean. Atxilotuen amak hitzordua zuen erietxe batean, baina poliziek ez zioten etxetik ateratzeko baimenik eman, harik eta 11:00etan anbulantzia bat iritsi zen arte.

14:45ean amaitu zuten miaketa Villabonako etxean. Ondoren,herri horretako Arroa auzoko garaje batera eraman zituzten Besance anaiak. Lekuko batzuen arabera, eguerditik zeuden poliziak han. Berri agentziek jakitera eman dutenez, antza 2001ean lapurtutako auto bat, pistola bat eta ehun bat kilo lehergai atzeman dituzte garaje horretan.

Espainiako Barne Ministerioaren arabera, ETAren Donostia taldea berriro osatu nahian zebiltzan atxilotuak, eta atzoko operazioarekin saio hori bertan behera geratu dela adierazi du. Atristain jo dute taldeko burutzat.

Poliziaren haria

Barne Ministerioak azaldu duenez, otsailean atxilotutako Ibai Beobidek gidatutako «talde legal bat» osatzen zuten atzoko atxilotuek. Asteasutik Villabonara bizikletaz zihoala atxilotu zuen Guardia Zibilak Beobide. Polizia etxean inkomunikatuta egon zen egunetan torturak jaso zituela salatu zuen.

Poliziaren aurrean Beobidek eginiko deklarazioetan oinarrituta, handik egun gutxira beste sei pertsona atxilotu zituzten, eta beste lau atxilotzeko agindu zuen epaileak. Azken horien artean, Atristain zegoen. Polizia atzetik zuela jakinda, Atristainek bere burua aurkeztu zuen Miarritzeko aireportuko polizia etxean, martxoaren 6an. Espainiara estraditatu ondoren, apirilaren 21ean aske gelditu zen.

Atzoko polizia operazioa txalotu du Gipuzkoako PSE-EEren idazkari nagusiak, eta ETA «inoiz baino ahulago» dagoela adierazi du.



Polizia etxean jasan dezaketen tratua dela eta, kezka agertu dute kaleetan

Atzoko polizia operazioa salatzeko eta atxilotuei elkartasuna eta babesa emateko, lagun andana bildu zen atzo Donostian eta Villlabonan eginiko manifestazioetan. Hiru atxilotuek Guardia Zibilaren eskuetan jasan dezaketen tratua dela eta, kezka agertu zuten, eta inkomunikazio aldia amaitu bitartean protesta ekimenak egingo dituztela iragarri dute. Hala, Donostian manifestazioa egingo dute gaur, 20:00etan, Bulebarretik abiatuta.

Ezker abertzaleak ere agertu du kezka. Hiru atxilotuak inkomunikazio egoeran daudela eta horrek torturak eta tratu txarrak ahalbidetzen dituela adierazi du. «Sobera frogatuta dago hori», esan du Niko Moreno Elorrioko alkateak. Atzoko atxiloketak abian den prozesua zapuzteko «azpijoko politiko-polizial» bat izan daitezkeela uste du Morenok. «Eskuartean ditugun datuen arabera, badirudi beste azpijoko politiko-polizial bat izan daitekeela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.