Hiru urte eta erditik beherako zigorrak jarri dizkiete 24 gazteri

Jarrai, Haika eta Segi legez kanpoko erakundetzat jo eta horiek desegiteko agindu du Auzitegi Nazionalak; auzipetu gehienek ezarritako zigorra baino handiagoa betea dute espetxean, badaezpadako neurri gisa

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2005eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
24 espetxe zigor eta 4 absoluzio. Horixe da Espainiako Auzitegi Nazionalak Haika-Segi auzian epaitutako gazteentzat kaleratu duen epaia. 24 zigortuetatik hamaseiri hiru urte eta erdiko zigorra ezarri die Auzitegiak, eta zortziri bi urte eta erdikoa. Legez kanpoko erakundeko kide izatea leporatzen die; baina ez talde terroristako kide izatea, fiskalak eskatzen zuen moduan.

Auzipetu askok lau eta hiru urte beteak dituzte behin behineko espetxealdian. Absolbitutako gazte batzuk ere espetxean izanak dira. Badira ia hiru urte preso egon ostean, absolbitutakoak. Epaitu aurretik Auzitegiak ezarritako zigorra baino handiagoa betea dute beste askok, badaezpadako neurri gisa. Nolanahi ere, beste gazte batzuri bete duten espetxealdia baino zigor handiagoa ezarri diete. Epaia behin betikoa izatekotan, espetxeratu egingo lituzkete. Zigorraren erdia baino gehiago betea dutenek ez lukete espetxera itzuli beharko, baina bai besteek. Markel Ormazabal, Ibon Meñika eta Igor Chillon leudeke kasu horretan. Ormazabali eta Meñikari hiru urte eta erdiko zigorra ezarri diete eta Chilloni bi urte eta erdikoa.Espetxe zigorrez gain, sufragio pasiborako eskubidea ere denbora berez kendu diete zigortuei. Era berean, hogei hilabetez egunean bost euro ordaintzera eta auziak sortutako gastuak kitatzera behartu dituzte.

Taldeak desegiteko agindua

Jarrai, Haika eta Segi legez kanpoko erakunde izendatu dituAuzitegi Nazionaleko 4. Zigor Salak, atzo kaleratutako epaian. Hori du zigorren oinarritzat. Gazte erakundeetan ardura izatea egotzi dien hamasei lagunei ezarri dizkie zigor handienak. Bi urte eta erdiko espetxealdia jaso dutenak, berriz, ez ziren erakundeetako arduradun, baina ezta partaide hutsak ere, epaiaren arabera. 117 orriko sententziak jasotzen duenez, horiek «ez zuten erabakirik hartzen, baina beharrak modu zehatzean eta era jarraituan egiten zituzten; erakundeen alde lan egiten zuten eta ez ziren oinarrietako partaide hutsak».

Edozein modutan, Auzitegiak zigortuei leporatu dien delitua Ðedo leporatu ez dienaÐ da azpimarragarriena. Izan ere, Baltasar Garzon epaileak, auzipetuak gazte erakundeetako buruzagi izanik ETAko kide zirela esanaz abiatu zuen auzia. Enrique Molina fiskala ere tesi horri eutsi nahirik aritu zen epaiketan. 33 auzipeturentzako hamalau urtera arteko zigor eskaerarekin ekin zion epaiketari fiskalak. Behin betiko txostenean, hamarna urteko zigorra eskatu zuen 28 auzipeturentzat. Gainonerako bosten aurkako akusazioak bertan behera utzi zituen, zigortzeko nahikoa froga ez zuela onartuta.

«Ez dira erakunde terroristak»

Alfonso Guevara, Carlos Ollero eta Santiago Pedrazek osatutako epaimahaiak ebatzi duenez, baina, Jarrai, Haika eta Segi ez dira «erakunde terrorista edo talde armatuak», hartarako armak erabili beharko lituzketelako. Auzitegi Gorenak Marey auzian 1998. urtean emandako epaian oinarritzen da baieztapena egiteko.

Jarrai, Haika eta Segi legez kanpokotzat jota, hiru gazte erakundeen desegitea agindu du epaimahaiak. Akusatuen defentsako abokatuek epaiketan azaldu zutenez, Espainiako Zigor Kodea oinarri hartuta, «ezinezko» litzateke gazte erakundeak legez kanpokotzat jotzea, legeriaren arabera hartarako taldeen helburu bakar edo nagusia delitua egitea izan behar lukeelako, eta delitu horiek larriak behar luketelako. Epaimahaiak ebatzi duenez, «delitua egiteko helburua agerian geratu da». Guardia Zibilak eta Espainiako Poliziak epaiketan aurkeztutako frogak eta «Auzitegiak berak gazte erakundeen eta erakunde armatuaren barne dokumentuei buruz egindako azterketak» hartu ditu delitua egiteko helburua frogatutzat emateko. Bestalde, talde bat legez kanpoko izendatzeko, egindako delituak larriak izatea ez da beharrezkoa, epaiak jasotzen duenez. Auzitegi Gorenak Filesa auziaren harira kaleratutako epaia hartu du hartarako oinarritzat.

Erdibidea

Hartara, erdibideko bidea hartu du Auzitegiak epaia emateko orduan. Izan ere, hiru aukera zituen: bata, fiskalaren eskaera aintzat hartu eta gazte erakundeak erakunde armatutzat jotzea. Armarik gabeko erakundea erakunde armatu izendatzeak, baina, zailtasunak zituen eta Auzitegi Gorenak zigorrak baliogabetzea ekar zezakeen.

Defentsako abokatuen eskaera jarraituz, gazte guztiak kargurik gabe aske uztea zen bigarren aukera. Horietako gehienek hiru eta lau urte espetxean zergatik eman dituzten azaltzea, baina, ez zitzaien samurra egingo.Gazte erakundeak legez kanpoko izendatzea zen, beraz, biderik errazena, nahiz Zigor Kodeak arlo horretan jasotzen duenarekiko egokitasuna ez izan horren argia. Erdibide horrek lau urtera arteko espetxe zigorra ahalbidetzen du eta hiru urte eta erdi zein bi urte eta erdiko zigorrak hautatu ditu.Hala, akusazioaren argudio batzuk eta defentsaren beste batzuk jaso ditu sententziak, fiskalaren argudioek pisu handiagoa duten arren. Epaiak fiskalak eskatu baino zigor nabarmen txikiagoak ezarri ditu, baina haren frogak hartu ditu aintzat. Defentsaren frogarik ez du apenas aipatzen.

Frogak

Nolanahi ere, frogen zilegitasuna azpimarratu nahirik, defentsaren argudio batzuri arrazoi eman die. Telefono entzuketak, miaketak eta jarraipenak ziren akusazioak epaituak gazte erakundeetako kide zirela egiaztatzeko erabilitako froga dokumentalak. Telefono entzuketak ziren gainerakoen frogen abiapuntua. Entzuketa gehienek, ordea, forma akats nabariak zituzten. Legeak ezartzen dituen baimenik gabe eginda zeuden. Hartara, defentsaren ustez entzuketa gehien-gehienak baliogabeak ziren juridikoki. Halaber, miaketen zein jarraipenen abiapuntua entzuketak izanik, froga horiek ere legez kanpokoak ziren; baliogabeak.

Telefono entzuketa batzuen kasuan, arrazoi eman die Auzitegiak defentsako abokatuei. Zenbait kasutan, akusazioak beharrezko baimenak ez dituela erakutsi onartu du, eta fiskalak frogatzat aurkeztutako hainbat dei ez ditu kontutan hartu. Epaiak jasotzen dituen deiak «legeak ezarri bezala hartutakoak dira», nabarmentzen du txostenak. Areago, Patrick Jimberten absoluzioa, entzuketen legezkotasunik ezean oinarritzen du. Dena den, defentsako abokatuek baliogabetzat jo zituzten beste entzuketa asko zein haien ondorioz egindako miaketak etajarraipenak zilegizkotzat jo, eta espetxe zigorrak ezartzeko erabili ditu.Epaia aztertzen ari dira defentsaren abokatuak eta oraindik erabakitzeke dute epaia Espainiako Auzitegi Gorenean errekurrituko duten edo ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.