Hiru urtez behin-behinean preso izan diren lau gazte askatu dituzte

Azkona, Goñi, Lopez eta Caminos Segi edo Ekinekoak zirelakoan epaitu zituzten azaroan, beste bost nafarrekin

Erredakzioa
2011ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Badaezpadako neurri gisa hiru urtez preso izan ondoren, Espainiako Auzitegi Nazionalak aske utzi ditu Aritz Azkona, Luis Goñi, Alberto Lopez eta Maider Caminos gazteak. Lau nafarrak azaroan epaitu zituen Auzitegi Nazionalak, Xabier Sagardoi, Mikel Jimenez, Maitane Intxaurraga, Amaia Legarra eta Noe Lopezekin batera, Segi edo Ekin taldeetako kide izatea eta 2007an eta 2008an Nafarroan kale erasoak egitea egotzita.

Auzitegi Nazionalak ez du oraindik epaiaren berri eman, baina kartzelan zituen epaituetako lau askatzea agindu du. Beraz, absolbitu egingo dituela pentsa daiteke, edo, bestela, hiru urtetik beherako zigorrak ezarriko dizkiela.

Legarra, Intxaurraga eta Lopez kalean daude lehendik ere, eta Sagardoik eta Jimenezek preso jarraituko dute. Azken bi horiek beste auzi batzuengatik dituzte preso.

Azaroan egin zen horien guztien aurkako epaiketa Auzitegi Nazionalean, eta Luis Barroso fiskalak zortzi eta hamar urte arteko kartzela zigorrak eskatu zituen guztientzat, Segikoak edo Ekinekoak izanda «talde terroristako kide» izatea egotzita eta kale erasoak egin izana leporatuta.

Torturak eta autoinkulpazioak

Epaituek beraiek atxilotu zituztenean guardia zibilen aurrean egindako deklarazioak izan ziren akusazioek gazteen aurka aurkeztutako froga nagusiak. Deklarazio haietan, beren buruak zein beste batzuenak kulpatu zituzten. Epaiketan, ordea, adierazpen haiek ezeztatu zituzten epaituek. Autoinkulpazio haiek guardia zibilen eskuetan jasandako torturen ondorioz egin zituztela esan zuten, eta ez zirela egia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.