Egun Hego Euskal Herriko --bereziki Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian-- D ereduko ikasleek oinarri dituzten gizarte zientzietako liburuen edukiak aztertu ditu BERRIAk, liburu horietan EuskalHerriaren lurraldetasuna errespetatzen den edo ez argitzeko. Bi argitaletxek bakarrik errespetatzendute Euskal Herriaren lurraldetasuna kasu guztietan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailako euskarazko liburuak dira aztertutakoak. Guzti-guztiek izan dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren onespena. Ondokoak dira, banaka, aztertutako liburuetatik ateratako ondorio nagusiak:
ðð Euskal Herririk ez
Zubia-Santillana
Zubia-Santillanak ikasleei irakasten dizkien geografia eta historiaren ezaugarri nagusia hau da: Euskal Herria ez da existitzen. Ikasleei erakusten dien erreferentziazko gune geografikoa Euskadi da, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia probintziek osatua. Nafarroa, aipatzen den kasuetan ere, haiekin inolako loturarik ez balu bezala ageri da.
Euskal lurraldeak kontzeptua sarri aipatzen dute liburuko egileek, baina beti Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari erreferentzia eginez. Irizpide hori estu hartuta, oso joera bitxietara iristen da liburua, batez ere historiaren alorrean. Izan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaeremu erabat bereziak balira bezala agertzen zaizkigu. 186. orrian, esaterako, Euskal lurraldeen eraketa historikoa azaltzen du liburuak, baina Nafarroaz, Zuberoaz, Lapurdiz eta Nafarroa Behereaz hitzik ere ez du egiten. Are gehiago, halako galderak erantzuteko eskatzen die ikasleei: «Noiz egon ziren hiru euskal lurraldeak Nafarroako Erresumari lotuta?». Eta Nafarroako erresumarekin izandako lotura historiko horri ez, baizik eta Gaztelarekin izandakoari ematen dio indar handiagoa, bai mapetan eta baita testuetan ere: «Gaztelauen eta nafarren arteko mugaren inguruko tirabirek hainbat urtez iraun zuten. Azkenean, euskal lurraldeek Gaztelako koroarekin bat egin zuten». Aipamenik ez, 1200. urtean Gasteizen izandako setiatze eta eraso militarraz.
Gainera, bitxi geratzen da, historia gaiez ari delarik, halako tituluak aipatzea, joera hori ohikoa dela kontuan hartuta: Bikingoak Euskadin, Musulmanak Euskadin edota Kristautzea Euskadin. Esaterako, bandoen arteko gerrak aipatzen dituzte liburuan, baina, agramondar eta beaumondarren arrastorik ere ez da ageri. Aitzitik, Aialatarrak, Abendañotarrak edota Muxikarrak azaltzen dituzte. Hainbat historialariren lanak, gainera, egokituta ageri dira. Esaterako, Jose Luis Orella Unzueren testu hau: «...Euskadi ez zegoen erromatar mundutik bereizita, eta III. mendetik aurrera, neurri batean, kristautua izan zen». Pasarte hori egilearen Historia de Euskal Herria liburutik ateratakoa da, baina liburu horretan Euskadi hitza ez da erabiltzen.
Oxford
Liburu honen euskarazko bertsioa erdarazkoaren itzulpena da, eta hor Euskal Herria ez da agertu ere egiten. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko informazioa bereizitako liburuxka batean eskaintzen du argitaletxeak. Horretan ematen den informazioa, etengabe, hiru probintzia horiei buruzkoa da, eta Euskal Herriko gainerako lurraldeen berri ez da ematen. Gainera, hiru probintzia horiek Euskal Herriko gainerako lau probintziekin inolako loturarik -ez historiko, ez kultural ez geografikorik- ez balute bezala agertzen zaizkio ikasleari. Erdi Aroko ahaide nagusiak ganboatarrak eta oinaztarrak direla dio. Euskal arrantzaleak baleak harrapatzen ibili zirela ere esaten du, eta horregatik sortu zirela portu hauek: «Bermeo, Mundaka, Lekeitio eta Hondarribia». Gainera, oso bertsio bitxiak eskaintzen ditu zenbait gertakari historikoren inguruan, esaterako, 1200. urtean Gaztelak Nafarroaren aurka egindako eraso eta lurraldearen zati baten konkistaren inguruan. Halaxe dio: «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ia lurralde guztiak Gaztelako erresuman sartu ziren, XIII. mende hasieran, ia aurka egin gabe (Gasteizen izan ezik). Gaztelako erresumako erregea onartu zuten, beraz, uste baitzuten Nafarroako erregeak baino gutxiago kontrolatuko zituela euskal lurraldeak, Gaztelako gortea urrunago zegoen-eta».
ðð Euskal Herria, batzuetan
Giltza-Edebe
Geografiaren atalean Euskal Herriaren erreferentzia, bere osotasunean, ez da inon ageri argitaletxe katalanaren liburuan. Bakarrik Europako kultura aniztasunaren inguruko ataltxo batean ageri da euskararen eremua, eta hor bai aipatzen dira Euskal Herriko lurralde ezberdinak, definitu gabe. 7. kapitulua Euskal Autonomia Erkidegoa gaur egun izenekoa da, eta hor Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiari buruzko datuak baino ez dira azaltzen.
Historiaren atalean, berriz, bai aztertzen da Euskal Herria osotasunean, atal bakar batean bada ere: Euskal Herria Erdi Aroan izenburua duen 14an, hain zuzen ere. Horretan, oinarri-oinarrian Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia hartzen badira ere --esaterako, 2.1 azpiataleko titulua hauxe da: Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren egituraketa--, gainerako lurraldeak ere kontuan hartzen ditu, bai mapak egiterako orduan, baita azterketak egiterako orduan ere. Esaterako, Euskal Ekonomia Erdi Aroan izeneko azpiatalean hauxe dio: «Zerealen ekoizpena ez zen uniformea: kostaldean eta mendialdean urriegia zen, eta barrualdeko probintzietan (Araban eta Nafarroan) soberakinak sortzen ziren». Erdi Aroko gizartea azaltzerakoan, leinuak aipatzen ditu liburuak: oinaztarrak zein ganboatarrak, eta agramondarrak zein beaumondarrak. Arteaz hitz egiterakoan, esaterako, hauxe dio: «Nafarroa Beherean erromesentzako zubi eta ospitale ugari eraiki ziren Donejakue Bidearen inguruan». Euskal gotikoa azaltzen duen atalean, Abadiñoko (Bizkaia) Muntsaratz eta Zarauzko (Gipuzkoa) Torre Luzea ez ezik, Erriberriko (Nafarroa) jauregi berria eta Iruñeko katedraleko klaustroa ere aipatzen ditu.
Haritza-Anaya
Joera bera azaltzen da Haritzaren liburu honetan ere. Liburuaren lehenengo zatian -Geografiari dagokion atalean- Euskal Herriaren arrastorik ez dago. Euskal Autonomia Erkidegoa da erreferentzia geografikoa, eta hura aipatzen dute atal bakoitzaren atzean, eranskin moduan. Esaterako, lehen atalean, munduko biztanleriaren ikerketa egiten dute; eta, amaieran, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaikoa aipatzen dute, Espainiakoaren azterketa egin eta gero. Gauza bera egiten dute gainerako gai guztietan ere, ekonomian, antolaketa politikoan...
Liburuaren bigarren zatian, aldiz, aintzinako eta Erdi Aroko historia aztertzen den atalean, Euskal Herria osotasun moduan hartzen da zenbaitetan: «20.000 kilometro karratu inguruko herrian, honako egoera hauek bereiz daitezke euskal lurraldeetan: Iparraldea: Frantziako erreinuko zati, 766. urtetik. Nafarroa hegoaldea. Tutera inguruko lurralde islamizatuak osatua, Al Andalusen zati zen. Iruñeko erreinua. IX. mendean eratu zen, eta ia Nafarroa osoa hartu zuen. Araba eta Bizkaia. Asturiasko erreinuaren zati ziren VIII. mendearen erditik. Gipuzkoa. Ez dugu lurralde honen berririk 456tik 1025era...».
Euskal Herria aintzat hartzen da, eta modu egokian erabiltzen ditu kontzeptu ezberdinak: Euskal Herria, Hego Euskal Herria... Beste liburu batzuetan agertu den adibide bera jartzearren, bandoak aipatzen dituenean, hauxe dio: «Euskal Herrian ahaide nagusien artean gertatu ziren gerra odoltsuei aurre egin eta herriak antolatzeko... Gerra horietan bi bando jartzen ziren aurrez aurre --oinaztarrak eta ganboatarrak Bizkaian eta Gipuzkoan, eta agramondarrak eta beaumondarrak Nafarroan--. Hala ere, erreferentzia nagusia Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia dira, eta Euskal Lurraldeak Eratzea izeneko atalean, esaterako, hiru probintzia horiek aipatzen ditu bakarrik. Oro har, erreferentziak --artean, ohituretan...--. Espainiakoak dira --Leongo katedrala, Valentziako lonja, Sevillako Torre del Oro, Granadako Alhanbra, Kordobako meskita...--.
ðð Euskal Herria, beti
Elkar/Ikastolen Elkartea
Elkar argitaletxeak eta Ikastolen Elkarteak bi liburutan eman dute DBHko lehen zikloko bigarren ikasturterako Gizarte Zientzien materiala, Geografia batean eta Historia bestean. Euskal Herria ardatza da bi liburuetan. Atal guztietan ageri da Euskal Herriari egokitutako azterketa. Esaterako, Biztanleria tratatzen duen atalak Euskal Herriko biztanleriaren bilakaera eta ezaugarriak aztertzen ditu, batetik; eta, mundukoak, bestetik. Halaber, egitura politikoak aztertzen diren atalean, Euskal Herria hartzen da ardatz nagusitzat, eta hiru eremu administratiboen azterketa zehatza egiten da gero: EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria. Estatuen Europa ez ezik, Herrien Europa ere aztertzen du, eta hor, Europako herrien mapa azaltzen. Munduko eta Europako mapa orokorretan, salbuespenen bat kenduta, Euskal Herria ez da bereizten Frantzia eta Espainiaren artean.
Historiaren atalean ere Euskal Herria da oinarria eta erreferentzia une oro. Pasarte historikoetan, munduan edo Europan izandako jazoera garrantzitsuenak aipatzeaz gain, azterketa guztietan Euskal Herriko adibideak atxiki zaizkio gai orokorragoei. Esaterako, Erdi Aroko Artea atalean, Euskal Herriko adibideak aipatzen dira non-nahi: Leireko (Nafarroa) kripta eta Orisoaingo (Nafarroa) San Martin eliza erromanikoen argazkiak erabiltzen dira arkitekturaren esanahaia eta ezaugarrien azalpenak ilustratzeko, edota Lizarrako (Nafarroa) Ruako Done Petri elizako ama birjina, arte erromanikoaren atalean, bi adibide aipatzeagatik. Ahaide nagusien arteko borrokak aztertzen diren atalean, sei lurraldeetan izandako leinu edo bandoen arteko ikamikak agertzen dira. Euskal Herriaren tratamendua osoa eta egokia da atal guztietan.
Erein
Ereinen liburuaren erreferentzia Euskal Herria da. Hala, gai orokor bakoitzaren osagarri moduan Bizi naizen lekutik izeneko atala agertzen da beti, eta hor gai bakoitzaren Euskal Herriko azterketa egiten dute. Esaterako, Erdi Aroko atal zabala aztertzen duenean, Euskal Herriko Donejakueko bide ezberdinak aipatzen dira: bide nagusia, Nafarroatik barrena zihoana, Antso Nagusiak eraberritzea egin aurreko bidea, Nafarroa eta Arabatik barrenekoa, Kostako bidea, eta Gipuzkoatik Arabarako bidea... Jauntxoen arteko borrokak aipatzerakoan ere Euskal Herri osoko ikuspegia gailentzen da: «Nafarroan eta Zuberoan agramondarren eta beaumondarren artekoak izan ziren, eta Euskal Herriko gainerakoan oinaztarren eta ganboatarren artean».
Arteari buruzko argazkietan ere behin eta berriz agertzen dira Euskal Herriko irudi eta erreferentziak: Iruñeko katedrala, Garesko (Nafarroa) Kristoa, Zeliguetako (Nafarroa) Dorretxea, Eunateko (Nafarroa) Santa Mariako eliza...
Gaur egungo Euskal Herriaren egituraketa juridiko-politikoa ere aztertzen du, hiru alorretan banatuta: lehenik, Euskal Autonomia Erkidegoa aipatzen du; ondoren Nafarroako Foru Erkidegoa; eta, azkenik, Iparraldea, Pirinio Atlantiarren departamenduaren barruan.
Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, esaterako, gogoratzendu Arabak, Gipuzkoak eta Bizkaiak osatzen dutela, baina Nafarroak ere eskubidea duela parte izateko. Espainiako Konstituzioaren erreferendumean Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan izandako bozketaren emaitzak eskaintzen ditu koadro batean, eta alderdi bakoitzak garai hartan izan zuen jarrera dakar gogora.
Hiru, zazpi baino gehiagotan
Euskaraz ikasten duten DBHko ikasle guztiek ez dute Euskal Herria erreferentziazko ikasgai eremu gisa. Batzuentzat, existitu ere, ez da existitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu