Txertaketa pautak hirugarren dosi bat behar izatea «litekeena» da, Carolina Darias Espainiako Osasun ministroaren hitzetan. 2022 eta2023an booster edo immunizazioa indartzeko beste dosiak jasotzeko kontratuak sinatu ditu Espainiak Pfizer eta Moderna botika etxeekin; 1.800 milioi eurokoa bata eta 480 milioikoa bestea, hurrenez hurren. Hala ere, oraindik ez dakite noiz hasiko diren dosi horiek jartzen.
Egun, Espainiako Gobernuaren helburua txertaketarekin jarraitzea da, «posiblebalitz biztanleriaren %100era heldu arte». Hala ere, ministroak argi du horrekin ez dela nahikoa izango, «zalantzarik gabe» adierazi baitu biztanleriak urtero hartu beharko duela txertoa.
Nazioartean eztabaida handia piztu du txertoaren hirugarren dosiak. Izan ere, ebidentzia zientifikoak txertoen eraginkortasuna ziurtatu badu ere, horien iraupena jakiteko oraindik goiz da. Pfizer etxea hasia da jada hirugarren dosia eskaintzen, duela bi aste beste dosi bat baimentzeko eskaria egin zion AEBetako elikagaien eta botiken gaineko ardura duen FDA agentziari. Adierazi dutenez, hirugarren dosi batek izan dezakeen eraginari buruzko ikerketak egiten ari dira, eta «esperantza» eragiten duten aurkikuntzak egin dituzte: horregatik eskaria egiteko asmoa. Txertatuen babesa sendotzeko ona izango dela adierazi dute. Hain zuzen ere, bigarren dosia jarri eta sei hilabetera beste bat jartzen bada, gaitzaren aurka egiteko antigorputzak bost-hamar bider ugariagoak izaten direla argudiatu dute.