Jean-Jacques Lasserre biziki eroso doa hauteskundeetara. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakariak gehiengo handiarekin irabazi ohi ditu kantonamendu hauteskundeak Bidaxuneko kantonamenduan. Hautagai abertzalea eta ezkerrekoa baizik ez ditu parean. Ez dirudi biziki inarrosiko dutenik Lasserreren gehiengoa. Euskal eta gaskoi nortasunak nahasirik dauzkan kantonamenduak ez du interes handirik piztuko. Jean-Claude Barroumes izanen da Ezkerraren hautagaia. Dominika Agirrebarrena EH Baiko hautagaiak bezala, haren emaitzak ez du lurrikararik eraginen.
Jean-Pierre Mirandek ere lehen itzulian irabaziko ditu hauteskundeak, Mauleko kantonamenduan, iragarpen guztien arabera. Ezkerrak beste kantonamenduetan baino indar handiagoa badu ere, ez du erraza izanen Miranderi puntu batzuk kentzea. Jacques Herrera hautagai sozialistak Frantziako presidentearen gainbehera baliatu nahi du kanpainako argudio gisa. Baina Sarkozyren ahuleziak ez du eragin berezirik ukanen kantonamenduan.
Mirandek ez du arazo berezirik ukan azken urteetan, eta ez dirudi hurrengo urteetarako dosier mingarririk datorrenik. Kantonamenduko erronka nagusiak errepide sarearen hobetzea, lantoki gehiago ezartzeko eremuen antolatzea eta Mauleren biziberritzea dira. Urte anitzetan gainbehera izugarria jasan ondoan, azken urteetan gibelatzea eztitu da. Hala ere, egoera oraindik kezkagarria da, besteak beste Mauleko saltegien egoera oraino ere txartzen ari baita.
Egoera ekonomiko hobean dago Amikuzeko (Baxenabarre eta Zuberoa) kantonamendua. Lagungarri izan daiteke Barthelemy Agerre Amikuzeko kontseilari nagusiarentzat, nahiz eta ez zuen, bestela ere, aulkia galtzeko beldur handirik. Orain arte beti lehen itzulitik irabazi izan ditu hauteskundeak. Bi aurkari baizik ez ditu parean, aurten. Antton Etxeberri (EH Bai) eta Sauveur Baxo (ezkerreko independentea). Baxoren helburua bigarren itzuli bat eragitea da. Horretarako, Agerrek duela zazpi urte baino bospasei puntu gutxiago lortu beharko lituzke, hala nola 300-400 boz.
Baxok inoiz baino indartsuago ikusten du bere burua Agerreri boz horien kentzeko. Duela hamahiru urte, %24eko emaitza egin zuen, Abertzaleen Batasunaren babesarekin aurkezturik. Sindikalista gisa zen ezaguna, bereziki. 2001ean %32a lortu zuen, ABk beste hautagai bat zuela. Urte hartan, bestalde, Arberatzeko (Baxenabarre) auzapez bihurtu zen. Kargu horrek ardura berriak eman zizkion. Amikuzeko herri elkargoko lehendakariorde izateaz gain, euskal departamenduaren aldeko hautetsien elkarteko lehendakari ere bada.
2X2AREN ITZALA. Ipar Euskal Herriko politikan gero eta protagonismo gehiago hartzeaz gain, bere herriko lurretan 120 bat enplegu sortuko dituen Laudioko JEZ enpresa proiektuak eragin baikor bat ukan dezake. Edo ez. Barthelemy Agerreren balentrietariko bat da azken urteetan Amikuzeko kantonamenduan enplegu franko sortu duela, eta horrekin jarraitu nahi luke aitzina.
Itzal bat badu, haatik: 2x2 errepidea deitu izan zaiona. Baina, nahiz eta, Iruñea-Saliese errepide proiektuaren bultzatzaile nagusi izan, proiektu hark sortu zuen kontrako iritzi zabalak ez duela anitz inarrosiko uste du. Batetik, kontrako iritzi handienak ez ziren bere kantonamenduetan, baizik eta besteetan. Bestetik, hautesleek «proposamenak egiten dituzten hautetsiak nahiago» dituztela dio.
Antton Etxeberri EH Baiko hautagaia errepide proiektu horren aurka gehien agertu zirenetariko bat izan zen. Leia elkarteko kideak besterik ere leporatzen dio Agerreri, hala nola Ipar Euskal Herriaren ezagupen ororen aurka izatea. Besteak beste, Ipar Euskal Herri barnealdeko eta Biarnoko auzapezen elkartearen bultzatzaile izatea leporatzen dio. Etxeberriren kanpainaren ardatzetariko bat Ipar Euskal Herriarentzako berezko instituzioa da.
PIL-PILean
BidaxuneHerri elkargoa. Bidaxunek badu bere herri elkargoa. Herri elkargoaren garatzeko xedea daukate orain. Bardoze herria herri elkargoan sartzeko proposamena egin du Jean-Jacques Lasserre kontseilari nagusiak. Orain, txostena ikertzen ari dira, eta hurrengo hilabeteetan sartu beharra da Bardoze herri elkargo horretan. Herri bakar batzuk baizik ez dira herri elkargoetatik kanpo, Ipar Euskal Herrian.
Maule
Kako auzia. Ainharbeko Kako baserriaz mintzo da jendea. GFA Lurra elkarteak dirua bildu zuen Fred Larrañaga salgai zegoen etxalde haren erosten laguntzeko. Hautagai abertzalea, komunista eta sozialista baserri hura Fred Larrañagaren esku uztearen aldekoak dira, eta, horren bitartez, kalitateko laborantzaren garatzearen aldeko jarrera erakutsi nahi dute. Pepela Mirandek ez du deus erran auzi horretaz.
Amikuze
Leon Berard. Donapaleuko ikastetxearen izena da. Hainbat irakaslek ikastetxeari izena aldatzeko eskatzen dute, bigarren gerla mundialean naziekin kolaboratu zuen pertsona bat zelako Leon Berard. Antton Etxeberri eta Sauveur Baxo izenez aldatzearen alde daude. Barthelemy Agerre ez. Leon Berard Baxenabarreko diputatu izan zen XX mende hasieran. Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Nagusiko lehendakari ere izan zen.
HauTaGaIaK
BidaxuneJean-Jacques Lasserre (Modem). 63 urte. Kontseilu Nagusiko lehendakaria, Hautetsien Kontseiluko lehendakari ohia.
Jean-Claude Barroumes (ezkerra).
Dominika Agirrebarrena (EH Bai).
Amikuze (Donapaleu)
Barthelemy Agerre (Modem). 52 urte. Kontseilu Nagusiko lehendakariorde.
Sauveur Baxo (ezkerra). 56 urte. Arberatzeko auzapez eta Amikuzeko herri elkargoko lehendakariorde. PSren sostengua dauka.
Antton Etxeberri (EH Bai). 31 urte. Komertziala. Leia elkarteko kidea.
Maule
Jean-Pierre Mirande (Modem). 54 urte. Kontseilari nagusia. Garindaineko auzapeza.
Pierre Etxekopar (PCF). 43 urte. Laboraria.
Jacques Herrera (PS). 62 urte. Orain arte inoiz ez da politikagintzan aritu. Saltegi zuzendari ohia.
Madouz Araguas (EH Bai). 49 urte. Laboraria.