HISPANITATEAREN EGUNA. MANIFESTAZIOA INDEPENDENTZIAREN ALDE. Ikasgaia: Amerikako herrialdeen askapena

Ikasle Abertzaleek antolatuta, Herri Eskolak egin dituzte hainbat herritan urriaren 12an. Jaiegun «inposatua» dela salatzeko, eskolara joan dira ikasle hainbat. Ameriketako herrialdeen askapen prozesuak izan dituzte ikasgai.

Garikoitz Goikoetxea.
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Betebeharrik ez zuten atzo Hego Euskal Herriko ikasleek eskolara joateko. Egutegiak hala ezarrita, jaieguna zen atzokoa Hego Euskal Herrian. Jai «inposatua», IA Ikasle Abertzaleen iritzian. Hartara, horri muzin egin, eta ikastetxera joan ziren dozenaka ikasle. Ez zuten, ordea, ohiko klasea izan: Herri Eskolak egin zituzten. Eta ikasgaia, ezohikoa: Ameriketako herrialdeen askapen prozesuak, haien 200. urteurrenaren karietara.

Guztira 47 ikastetxetan egin zituzten atzo Herri Eskolak. Gipuzkoan gehienak, 17. Bizkaian 15 egin zituzten, Araban 8 eta Nafarroan 7. IAk emandako datuen arabera, 1.200 ikasle inguruk hartu zuten parte eskoletan. Altsasun (Nafarroa), Guardia Zibilak bi gazte identifikatu zituen eguerdian. Jai egun arrotzei Intsumisioa! lelopean kontzentrazioa egitekoa zuten, baina, inguruan guardia zibilak zeudela ohartuta, eserialdia egitea erabaki zuten. Gainerako herrietan ez zuten aparteko gorabeherarik edo eragozpenik izan eskolak egiteko.

Latinoamerikako hainbat herrialdek independentzia lortu zuteneko 200. urteurrena da aurten. Beste hainbat taldek bezala -Independentistak taldeak, esate baterako, atzoko martxan-, Ikasle Abertzaleek ere prozesu horiei erreparatu nahi izan diete aurten. «Ameriketako herri horiek nolako askapen prozesuak garatu dituzten aztertu nahi izan dugu», azaldu du IAko kide Ikoitz Arresek. Latinoamerikako herrialdeen independentzia ez da ohiko ikasgaia eskolan. Hala dio Maite Kintanilak: «Askotan, eskolako testuliburuetan ez dugu ikusten historiaren beste ikuspegi hori. Beti irabazleek kontatzen dute historia». Parte-hartzea sustatuta, herri haietan brigadista egondakoen testigantzak ere bildu zituzten, besteren artean.

Latinoamerikako askapen prozesuak, hortaz, ardatz nagusi. Baina ez bakar. Arresek azaldu du Herri Eskola bakoitzak duela egitaraua antolatzeko ardura, guztiek komunean duten aztergaiaz batera. Hala, hainbat eskolatan landu zituzten sexu erasoen aurkako neurriak, euskal dantzak eta hezkuntzari lotutako auziak. Azaroaren 6an Amurrion (Araba) egitekoa duten Ikasle Eguna ere izan zuten hizpide Herri Eskoletan.

Jaiegun «arrotzari» muzin egitea izan da Ikasle Abertzaleen ekimenaren xedea. «Guk, euskal herritar gisa, ez dugu sentitzen egun hau, eta intsumiso jokatu dugu», dio Kintanilak. Arreseren iritziko, helburu bakarra dute urriaren 12koaren gisako jaiek: «Estatu inposatzaileek jaiegun arrotz hauek kokatu dituzte Euskal Herriaren asimilazio estrategiaren baitan». Hala, salatu du Hispanitatearen jaieguna ospatzera behartu egiten dituztela ikasleak eta langileak. «Herri honi ukatu egiten diote egutegi propioa izateko eskubidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.