Euskal Herria

Historia kliniko batzuetan datuak falta dira, Donostia ospitalearen arabera

Haur lapurtuei eta adopzio irregularrei buruzko azterketa batzordearen bilera egin dute gaur goizean Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

urtzi urkizu
2013ko maiatzaren 15a
14:36
Entzun

Donostia ospitaleko kudeatzaile Jose Manuel Ladron de Guevarak Batzar Nagusietan agerraldia egin du gaur goizean. 1952-2000 artean jaiotako haurren inguruko 690 informazio eskaerak jaso dituzte Donostia ospitalean azkeneko bi urteetan; %83, 1965 eta 1981 artekoak. Horietatik 498 partikularrek egin dituzte, eta 192 epaitegiek. Ladron de Guevarak honela azaldu du: "Umeen heriotzaren inguruko informazio zehatza eman dugu. Datuak bilatzeko prozesuan, erregistroak eta liburu erregistroak begiratu ditugu. Tolosako artxiboetan ere historia kliniko batzuk aurkitu ditugu. Kasu batzuetan, datuak ez dira nahikoak jakiteko zer gertatu zen. Baina ez dakigu haurren lapurretarik izan den ala ez. Guri ez dagokigu horren inguruan iritzia ematea. Dena dela, gardentasun guztiarekin jokatzeko prest gaude". Historia klinikoak falta diren kasuetan, hiru arrazoi egon daitezkeela azaldu du Donostia ospitaleko zuzendariak: "Historia klinikoa galdu izana, agian ez zen inoiz historia klinikorik egon, eta beste klinika batzuetako oharrak egon arren ez dira ospitalean gorde". Aitortu du historia kliniko batzuetan datuak eskasak zirela.

Asuncion Klinika eta Pilarreko Ama Osasun Zentroko zuzendari Jesus Gomez Montoyak esan du gertatu izan direla haurren lapurretak, eta "tragedia" bat dela. "Gure bi kliniketan ez da haurrik lapurtu. Azkeneko hilabeteetan zazpi informazio eskaera jaso ditugu, eta informazio osoa eman zaie familiei. Irregulartasun susmorik ez dugu ikusi". Gomez Montoyaren arabera, zabaldu den baino haur gutxiago lapurtu dira Euskal Herrian. "Kasu batzuetan, familiek ez dute onartu haurra galdu zutela. Badira haurrak eman eta damutu direnak ere".

San Juan de Dios Ospitaleko kudeatzaile Angel Agirianok egin du batzordeko bileraren azken agerraldia. Ospitale horretan 1952. urtetik aurrera polioa zuten haurrak artatzen zituzten. 1969tik 1972ra solairu bat alokatu zuten, eta bertan haurrak jaio ziren. "Obra sindikaleko aseguratuei eman zitzaien aukera haurrak bertan izateko. Guk ez dugu informaziorik bertan irregulartasunik izan zenik".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.