Hitz asko eta konpromiso gutxi Rion

Rio+20 goi bileraz aritu dira hainbat politikari Donostian.«Atsekabez» jaso dituzte adostutako akordioak Antiguedadek, Ezeizabarrenak, Itxasok, Gonzalezek eta Mitxelenak.

Alderdi politikoetako ordezkariak, herenegun, Rio+20 bilera aztertzeko mahai inguruan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Atsekabez jaso dituzte alderdi politikoek Rio+20 goi bileraren emaitzak. Larria da Lurra planetaren ingurumenaren egoera; konponbiderik bilatu ezean, atzera bueltarik izango ez duen egoera batera irits daiteke. Soluzioak aurkitzeko asmoz, 1992an oinarri batzuk ezarri zituzten, Rio de Janeiron (Brasil); Nazio Batuen Erakundeak Garapen Iraunkorrerako Batzordea eratu zuen. Hogei urte geroago, mundu osoko 193 herrialde bildu dira, toki berean, Rio+20 izeneko goi bileran; planetaren egoera konpontzeko mugarriak ezartzea eta jarraibide irmo batzuk finkatzea ziren helburuak.

Goi bilera hori aztertu zuten alderdi politikoek Donostian, herenegun, Kristinaenea fundazioak antolatutako mahai inguru batean. Iñaki Antiguedadek (ezker abertzalea), Arantza Gonzalezek (Ezker Anitza), Xabier Ezeizabarrenak (EAJ), Denis Itxasok (PSE) eta Manuel Mitxelenak (PP) hartu dute parte Rio+20 aztertzeko mahai inguruan.

Arantza Gonzalez Ezker Anitza alderdiko Gipuzkoako ordezkariaren aburuz, goi bileran hartutako konpromisoak eta ondorioak biltzen dituen ebazpen dokumentua «hitz politez josia» dago, baina «konponbide gutxi» eskaintzen ditu. Era berean, azaldu du ez zuela askorik espero herrialde boteretsuenetako agintari batzuek —Barack Obama, Angela Merkelek eta David Cameron aipatu ditu— ez zutelako parte hartu Rio+20 goi bileran.

Amaiurreko legebiltzarkide ohi Iñaki Antiguedadek, berriz, adierazi du orain hogei urte Rio de Janeiron egindako bilerak, gutxienez, ingurumen arazoak jarri zituela mahai gainean. Aurten egindakoak, berriz, horretarako ere ez duela balio izan uste du, inork ez duelako arazoaren jatorria aztertu, eta ez direlako planetaren egoeraren erantzuleak bilatu. Esan du hiztegia finkatzea «oso garrantzitsua» dela, eta iraunkortasuna eta halako kontzeptuak «ongi» zehaztu behar direla, herrialde guztiek «norabide berean» egiteko euren ahaleginak.

Denis Itxasok uste du bileran ateratako ondorioak interesgarriak direla izatez, arazo asko aipatu eta aztertu direla, baina ez duela konponbide garbirik eskaini. Beraz, ikuspegi ezkorra dauka Rio+20 goi bileraren inguruan. Bat egin du adierazpen horiekin Manuel Mitxelenak, eta gaineratu du agintari eta politikariek konpromiso urria erakutsi dutela Lurraren arazoak konpontzeko orduan. Xabier Ezeizabarrenak ere atsekabez jaso du Rio+20 goi bileran ebatzitakoa: «Badirudi ez dugula aurrera egin azken hogei urteetan, soluzioak bilatzeko orduan. Kontzientziatuagoak gaude, baina konponbideak bilatu gabe jarraitzen dugu».

Sisteman dago arazoa

Ekonomia berdearen alde egin dute apustu Rio de Janeiron bildu diren agintari eta politikariek: ingurumena errespetatzen duen hazkunde ekonomiko bat bultzatuko dute. Gonzalezen ustez, kontraesana da ekonomia berdearen kontzeptua: «Ekonomia berdeak proposatzen duenak talka egiten du sistema kapitalistarekin; baliabide naturalak ustiatzen dituzten enpresek negozio egiten jarraitu nahiko dute, ez die axolako ingurumena errespetatzen duten ala ez». Horrez gain, adierazi du aukera galdu dutela agintari eta politikariek Rio+20 bileran, sistema ekonomikoa aztertzeko eta, aldaketa egite aldera, oinarriak finkatzeko.

Baliabide naturalak ustiatzen dituzten enpresa multinazionalen konpromisoa auzitan jarri du Antiguedadek: «Krisi ekonomikoaren atzean zeuden enpresa pribatu berberek ustiatzen dituzte baliabide naturalak. Hori kontuan harturik, sinesten al du norbaitek multinazional horiek interesa dutela arazoak konpontzeko?». Horrez gain, adierazi du ingurumen arazoak ezingo direla konpondu, egungo sistema sozioekonomikoa aldatu arte.

«Eremu lokaletik globalera» joatea da gakoa, Denis Itxasoren ustez. Mundu osoko akordioak hitzartu baino lehen, akordio onak eta sendoak erdietsi behar dira esparru lokalean, PSEko Ingurumen arduradunaren ustez. Xabier Ezeizabarrenaren iritziz, herrialdeen hazkundearen neurketan dago arazoa: «Badirudi soilik barne produktu gordinaren portzentajea igota haz daitekeela herrialde bat, giza garapenaren indizea alde batera utzita». Manuel Mitxelenaren aburuz, berriz, eredu sozioekonomikoa aldatzeak ez du aldaketarik ekarriko, beste eredu batzuek ere «ingurumen arazo berberak edo larriagoak»sorrarazten dituztelako.

Espainiaren egitekoa

Mahai inguruko kideek balantzea egin dute, Rio+20 bileran Espainiaren egitekoa aztertu ostean. «Finantza erakundeak erreskatatzeko ez dago arazorik, behar bezainbeste diru bideratzen da; pobrezian dauden herrialdeei laguntzeko funts publikoak eratzeko, berriz, ez da zentimorik ere bideratzen», adierazi du Gonzalezek.

Denis Itxasok esan du Espainiak ez dituela irizpide eta jarraibide sendoak eraman goi bilerara, herritarrei ez zaielako iritzia eskatu gai horien inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.