Hitzarmena urrian sinatuko dela dio Paueko Akademiak

Frantziako presidente eta gobernu aldaketek atzerapena inposatu dutela erran du Akademia ikuskariak, eta Seaskari lasaitasuna eskatuIraileko eskola sartzean Seaskak 8,25 irakasle gehiago ukanen dituela azaldu du

Seaskako irakasle eta langileak Baionako Ikuskaritzaren bulegoa okupatzen, artxiboko irudi batean. N. MOLLO.
Aitor Renteria.
Baiona
2012ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Frantziako Hezkuntza Ministerioaren eta Seaskaren arteko hitzarmena heldu den urrian edo, beranduenez, heldu den azaroan izenpetuko dutela jakinarazi du Philippe Coutureaud-ek, Paueko Akademia ikuskariak, Seaskako Ikastolen Kontseiluaren haserreari erantzunez. Azken horren arrangura ez duela ulertzen adierazi du Coutureaudek, eta nabarmendu amaiturik badago ere indarrean dagoela oraindik Frantziako Hezkuntzaren eta Seaskaren arteko hitzarmen esparrua. Seaska kontratupeko hezkuntza sistema dela erran du Couturaudek, eta, irakasleen kontratazioa arautzeko hitzarmenak atzerapena hartu badu, Frantziako hauteskundeek eragin duten aldaketen ondorioa baino ez dela izan.

Couturaudek gogorarazi du gobernu aldaketaren ondorioz Hezkuntza ministroa berria dela. Ministro berriak bere eginkizunak hartu behar ditu, eta horretarako denbora behar du, haren iritziz. Urduritasuna baztertzeko eskatu dio Seaskari, eta orain arteko elkarlanaren emaitzak goraipatu. Adierazi du ondoko hitzarmena, duela hiru urtekoa bezala, Bordeleko errektoretzak, Seaskak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak izenpetuko dutela .

Tentsio egoerarik ez dagoela gaineratu du Couturaudek, eta azaldu du heldu den eskola sartzean Seaskak 8,25 irakasle gehiago ukanen dituela, lehen mailako garapena bermatzeko. Hiru urteko hitzarmenean, Seaskari 11 irakasle eman dizkiotela gogorarazi du. «Iraileko eskola sartzean abantzu, hiru urteko hitzarmenean bezainbat irakasle postu emanen dizkiogu Seaskari». Hitzarmena indargabeturik balitz eta euskararen aldeko borondate argirik ez balego, horrelako esleipenik ez lukeela eginen gaineratu du. Agenda politikoak bultzaturik, hitzarmena ez da burutu behar zen epean, uztailaren 1ean bukatu baita. Alta, negoziazioak bidean daudela ziurtatu du eta berretsi du emaitzak udazkenean ikusiko direla.

«Seaskak bazekien aurten lehen mailan irakasle gehiago ukanen zituela eta badaki zenbat irakasle ukanen dituen kolegioan. Euskara laguntzeko borondaterik ez bagenu, ez genuen onartuko ekainean gai bat gehiago euskaraz egin ahal izatea, Matematika hain zuzen ere», erran du Couturadek. Egungo eskola kartan, ikastoletako geletan, eskola publiko elebidunean baino haur gutxiago daudela erran du. Ikastoletan hemeretzi haur gelako, eta eskola publikoan, 22.

Frantziako Hezkuntza Ministerioak, Paueko Akademia Ikuskaritzaren bidez, hitzarmen berria izenpetzeko borondatea duela jakitea pozgarria dela erran du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Alta, Akademia ikuskariak heldu den sartzerako iragartzen duen irakasle postuen emendatzea puzturik dagoela azaldu du. Izan ere, 1,25 irakasle joan den kurtsoan lortu zituzten, beharrei erantzuteko aukera bakarra zelako. Baionan egindako manifestazioaren ondorio izan zen. Bertze hiru lanpostu EEPk ordaintzen zituen orain artean. Beraz, Akademiak iragartzen duen emendatzea lau irakasletan gelditzen da. Gaur egun Seaskak hamabost irakasle ordaintzen ditu, hitzarmenetik kanpo direnak.

Geletako haur kopuruari buruzko adostasunik ez dago. Seaskaren arabera, ikastoletan, batez bertze, 21 haur daude gela bakoitzean. «Garapen Kontseiluko kide gisa, eta burutzen ari garen gogoetaren harira, berriz ere frogatu da Paris Euskal Herritik urruti dagoela; hemen erabaki behar da zenbat irakasle behar dituen Ipar Euskal Herriak». Indoren iritziz, Euskal Herriko hezkuntza sistema ezin da Paristik antolatu.

Publikoan, bi irakasle gehiago

Akademiak erabaki du, bertzalde, hezkuntza publikoan lau irakasle postu erdi gehiago izanen direla Ipar Euskal Herrian. Iaz baino irakasle gutxiago izanen dira, halere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.