Hitzartu prozesua martxan da. GuraSOSek aurkeztu du gaur Donostiako Koldo Mitxelenan ELA, LAB eta CCOO sindikatuetako ordezkariekin batera. Hitzartuk hainbat elkarte eta erakunde batu nahi ditu prozesura, eta bi ildo izango ditu lantzeko: eztabaida eta informazioa ardatz izango ditu batak, eta herritarren parte hartzea besteak. Lehen ildoaren barruan hainbat hitzaldi, mahainguru eta eztabaida antolatuko dituzte. Besteak beste, heldu den ostiralean Gipuzkoako Medikuen Elkargoan hitzaldi bat antolatu dute Zubietako erraustegiaren ingurumen baimen bateratuak dituen "gabezien" inguruan. Larunbatean, berriz, Eduard Rodriguez Farre Bartzelonako Ikerketa Biomedikuetako Institutuko irakasleak prentsari hainbat elkarrizketa eskainiko dizkio.
Hitzartu prozesuaren bigarren atala apiriletik ekainera eramango dute aurrera. Bizpahiru herritar zinpeko mahai osatuko dituzte. Bakoitzean 30 bat boluntario izango dira, eta hainbat adituren iritziak jasoko dituzte. Haien artean, besteak beste, erakundeetako ordezkarien iritziak ere jaso nahi dituzte prozesuko bultzatzaileek. Ondoren, talde horien gogoetaren emaitzak herritarrengana igorriko dituzte, haiek euren ekarpenak egin ahal izateko. "Esparru irekiak" izango direla adierazi dute Hitzartuko bultzatzaileek, "elkarrizketa auto-antolatua eta transbertsala" sustatzeko asmoz. Hori egin ostean, irail eta abendu bitartean, "hondakinen plan adostu bat" idatziko dute Hitzartuko arduradunek. Hiru helburu izango ditu: ahalik eta gizarte kohesiorik handiena lortzea, ingurumenari eta osasun publikoari ahalik eta babes handiena eskaintzea, eta Europako Batasuneko politikak ahalik eta zorrotzen betetzea.
Oraingoz, 17.000 euro bildu dituzte, baina 80.000 lortu nahi dituzte urtean zehar.