EUSKAL PRESOAK

Hitzeman programa "ekarpen eraikitzailea" dela uste du Lokarrik

Egitasmoa "titular soiletatik harago doa eta ahalegina egiten du presoentzat ibilbide bideragarri bat planteatzeko", dio.

2014ko urriaren 4a
08:06
Entzun

Ostegunean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzak Hitzeman programa, "presoen gizarteratze edo birgizarteratze" prozesua bideratzeko onurak lortzeko asmoz. Erreakzio ugari izan dira horren inguruan, eta bere balorazioa plazaratu du Lokarrik ere.

Ohar bidez, Lokarrik azaldu du Hitzeman programaren helburua dela "Espainiako Gobernuak bake prozesuan eta elkarbizitzaren hobetzean eginiko lankidetza ezak sortutako defizita ahal duen neurrian arintzea". Aitortu du Madrilen elkarlanik gabe zaila dela presoen birgizarteratze plan bat erabat gauzatzea. Horren aurrean, bake prozesuaren protagonismoa gizarteak izan behar duela nabarmendu du.

Elkarrizketarako eta adostasunerako deia egin du Lokarrik: "Horrelako ahaleginak ez dira definizioz baztertu edo kritikatu behar. Bake prozesuak ekimen eraikitzaileak behar ditu". Zentzu horretan, programaren aurkezpena "pertsona presoen gizarteratzean adostasun zabal bat lortzeko" aukera gisa ikusten du Lokarrik, eta gaineratu du presoak izan behar direla elkarrizketa eta adostasun horren parte: "Euren ekarpena funtsezkoa da".

"Hilda jaio da"

EAJko legebiltzarkide Joseba Egibarrek ere programa defendatu du; aitortu du Eusko Jaurlaritzak ezin duela erabaki "preso bat noiz irteten den kalera", baina gaineratu du gobernuak "bere tresnak" erabil ditzakeela presoak birgizarteratzeko.

EH Bilduko legebiltzarkide Oskar Matuteren ustez, programak "mediatikoki ibilbidea" izan du, baina "praktikan" ez duela "ezer berririk" eskaintzen adierazi du. Halaber, gogorarazi du Eusko Legebiltzarra presoen sakabanaketa politikaren kontra azaldu dela, eta horretarako lan egitera deitu du.

Hitzeman programa "hilda jaio" da eta "propagandarako" egitasmo bat da, PSEren ustez. Izan ere, Txarli Prieto PSEko legebiltzarkideak nabarmendu du ez dagoela hitzarmenik Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean programa aurrera eramateko.

PPko legebiltzarkide Carmelo Barriok, berriz, uste du egitasmoa ez dela "zorrotza terroristekin", eta presoei "damutzeko" eskatu behar zaiela gaineratu du, ez "autokritika".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.