Hizketarako prest dagoela berretsi du Iribasek, eta berriro jo du LABen aurka

Greba LABek bultzatuta antolatu dutela esan du berriz ere kontseilariak; horrekin lotu du Bilduk murrizketez galdetzea

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Hizketarako prest dagoela berretsi die Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilariak maisu-maistren ordezkariei: «Nire jarrera hizketakoa da, negoziaziorakoa eta elkarrizketarakoa». Nolanahi ere, orain arteko neurriak irmo babestu ditu: ezinbesteko neurria zen irakasleen eskola orduak handitzea eta horren bidez 200 bat kalean uztea, eta horrek ez duela ondoriorik izango Nafarroako hezkuntzaren kalitatean. «Ikasleei ez die ezertan ere eragin irakasleek astean ordubete gehiagoz eskolak emateak».

Nafarroako Parlamentuan hitz egin zuen atzo kontseilariak, osoko bilkuran. Bilduk egin zion galdera, ikastetxeetan nolako eragina izaten ari diren murrizketak. Aitziber Sarasola parlamentariaren esanetan, izan ere, irakasleak falta dituzte hainbat eskolatan: «Egoera anormalean hasi dute ikasturtea. Jakin nahi dugu zenbat irakasle falta diren beharrak asetzeko». Ikastetxe hainbatetako zuzendaritzek eta gurasoen elkarteek egin dute salaketa azken asteetan: ikasturtea hasi arren maisu-maistrak falta dituztela.

Galderaren muinari erantzutera ez zen mugatu, ordea, Iribas kontseilaria. Galdetzailea hartu zuen begitan, eta LAB sindikatuarekin lotu zuen. Hara zer esan zuen: «Ez nau harritzen Bildurengandik jasotzeak lehen galdera. Lehenago ere esan bainuen LAB ari zela greba deialdia bultzatzen». Protestak iragarri zituztenetik bereziki, diskurtsoa gogortu du. Iragan astean esan zuen: «Grebak ez dauka nondik heldu. LABen lidergoarengatik soilik uler daiteke». Lehen indarra da Nafarroako hezkuntzan.

Eta galderari orain artekoaren bidetik erantzun dio, esanez ez duela batere eraginik izango. «Ez da kalitatean nabarituko. Azken batean, zeuden baliabideak berriro eman ditugu, betiere legea betez». Hori du eskutik kontseilariak: astean eman beharreko eskola orduak 17 izatea lan itunean zegoen jasota, baina jada ez dago indarrean hori; hala, 18ra igotzea legezkoa dela nabarmendu du.

Konparaziorako, Espainia

Legezkoa eta egokia da neurria, Iribasen esanetan: «Ez diegu inola ere eragin kalitateari, taldeetako bikoizketei eta aniztasun programei. Aitzitik, eragin dugu nafarrengan, milioi asko aurreztuko baitituzte. Eta badugu, bai, horren premia bizi dugun aldi honetan». Nafarroako Gobernuak egin dituen kalkuluen arabera, zortzi bat milioi euro aurreztuko dituzte murrizketa horien bitartez.

Hezkuntzako eragileek agertu duten kezka funtsik gabekoa dela erantzun du Iribas kontseilariak: «Urakan bat ikusarazi nahi dute, baina Galiziako eta Madrilgo irakasleak irrikan daude 18 eskola ordu izateko». Hala, Espainiako eta Galiziako murrizketak argudio gisa hartuta —protesta handiak ari dira egiten inguru haietan aste honetan—, ziurtatu du Nafarroan ezarri dituztenek ez dutela batere kalterik sortuko. «Hemen daukagu Espainia osoko ordutegirik onena. Euskadi izango da salbuespen bakarra».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.