Jaurlaritzako Hezkuntza sistema publikoan behin-behineko lanpostuak dituzten 157 irakasle ordezkapen zerrendetara igaroko dira irailean, egonkortasuna galduta, legeak ezarritako hizkuntz eskakizuna —euskararen ezagutza maila— ez dutelako egiaztatu. Neurriarekin konforme ez daudenez hainbat ekimen eraman dituzte aurrera protestatzeko; sonatuena, iragan otsailaren 22tik uztailaren 11 arte, 141 egunez, Basauriko (Bizkaia) Bertendona Institutuan egindako itxialdia.
Hain zuzen ere,Anjeles Iztuetaren ordez Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu kargua Tontxu Camposek hartu eta harekin batzarra egin ondoren utzi zuten bertan behera itxialdia, arduradun berriarekin izandako bileran "gustura" geratu zirelako. Bi eskaera zehatz egin zizkioten Camposi hizkuntz eskakizuna betetzen ez duten irakasleek: kontratu laboralaren bidez egonkortasuna bermatzeko eta 45 urtetik gorakoak euskara ikastetik salbuesteko.
Uztailaren 11ko bileraren ostean egoera aztertzeko denbora eskatu zien Hezkuntza sailburu berriak, eta, azkenean, atzo eman zien erantzuna: Camposek ez ditu onartu beharko luketen euskara maila egiaztatu ez duten irakasleen eskaerak. Bi arrazoi eman dizkie horretarako: batetik, halako neurriak legearen kontrakoak liratekeela, eta, bestetik, hizkuntz eskakizuna egiaztatu duten irakasleekiko neurri baztertzaileak liratekeela. Hala ere, urritik aurrera irakasle horiek lanean egongo direla espero duela nabarmendu du Camposek, ordezkapen zerrenden bidez.
Irakasleak haserre, eta PSE eta PP haien alde
Irakasleek, berriz, haserre hartu dute Hezkuntza Sailaren erabakia. Euren eskariak "bidezkoak" direla aldarrikatu dute, eta irailean berriro mobilizazioei ekingo dietela iragarri dute. Bereziki EAJ eta EA egin dituzten beren kritiken jomuga: borondate eskasarekin aritzea egotzi diete.
PSEk eta PPk bat egin dute irakasle horiek Jaurlaritzari egin dizkioten kritikekin.
Sei urte liberatuta
Nolanahi ere, irakasle horiek sei urte luze izan dituzte euskarazko oinarrizko maila lortzeko; hiru urte egon dira liberatuta, euskara ikasten, soldata eta opor osoekin; aukera izan dute lanalditik at eta sare ofizialetik kanpo nahi beste ikastaro egiteko, denak doan; udan ere, barnetegietara joateko aukera izan dute, euren poltsikotik matrikularen herena bakarrik ordainduta; hasiera batean emandako epeak birritan luzatu dizkiete... eta, hala eta gutiz ere, ez dute euskara ikasi. Eusko Jaurlaritzaren arabera, egonkortasuna galdu duten irakasleak euskalduntzeko 11,5 milioi euroko inbertsioa egin da. Batez beste, 87.000 euro behar izan dira irakasle bakoitza liberatzeko.
Hala eta guztiz ere, denborarik ez dutela izan edo Irale programan sartzeko aukerarik ez dutela izan esan izan dute Bertendonakoek. Kolektibo horretako irakasle asko (66) 1988, 1990 eta 1992. urteetatik daude EAEko hezkuntza sistemaren barruan. EAEko hezkuntza sisteman zeuden irakasle guzti-guztiek zekiten egunen batean euskara jakitea eskatuko zitzaiela lanean jarraitu nahi bazuten, hala agintzen baitu 1993. urtean argitaratutako dekretuak. PSE-EEk Hezkuntza Sailaren ardura zeukan sasoikoa da arau hori. 1998. urtean Hezkuntza Sailak sindikatuen gehiengoarekin (ELA, LAB eta EILAS) irakasleen egonkortasunerako sinatu zuen akordioaren ondorioz argitaratutako dekretuak ere argi esaten du hezkuntza sisteman sartzeko hizkuntza eskakizuna lortu beharra dagoela. Akordio horrek hiru urteko epea eman zien orduan irakasle egonkorrei lehen hizkuntz eskakizuna lortzeko. Epea bukatu zenean, baina, oso gutxik bete zuten legean esaten zena. Hala ere, aintzakotzat hartuak izan ziren: 2001ean urtebetez luzatu zieten epea eta 2002an bi urtez. 2002ko akordioaren eragin epea 2004ko abuztuan bukatu zen eta berriz ere Jaurlaritzak eta ELAk, LABek eta EILASek beste akordio bat lortu zuten. Akordio horrek zehazten dituen baldintzen arabera, egonkor izan bai, baina inolako hizkuntza eskakizuna ez dutenek, egonkortasuna galduko dute, hots, 156 irakaslek. Horietako 40k Irale programaren txandak agortu dituzte dagoeneko hizkuntza eskakizuna lortu gabe; ondorioz, ordezkapenetako zerrendetara itzuliko dira. Gainerakoek ez dituzte oraindik Iraleko txanda guztiak agortu, eta, baten batek nahiz eta orain zerrendan egon geroan bigarren hizkuntza eskakizuna egiaztatuko balu, aukera izango luke berriz egonkortasuna eskuratzeko. Irakasleek diotenez, ordea, ia ezinezkoa egingo zaie lan egitea, zerrendatan 17.000 lagun daudelako. Hezkuntza Sailak sarri azaldu die ez dela horrela, daukaten antzinatasunarekin lehenengoak direlako.
Hezkuntza
Hizkuntz eskakizuna ez betetzeagatik egonkortasuna galdu duten irakasleen eskaerak atzera bota ditu Hezkuntzak
Tontxu Campos Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu berriak ez ditu onartu hizkuntz eskakizuna ez lortzeagatik EAEko Hezkuntza sistema publikoan lan egonkortasuna galdu duten irakasleen eskaerak. Hezkuntza publikoan aritzeko behar adina euskara ez jakin arren, kontratu laboralaren bidez egonkor egitea eskatzen zioten Jaurlaritzari, eta 45 urtetik gora dituztenak, berriz, euskara ikastetik salbuestea. Camposek ezetz erantzun die: batetik, erabaki hori legez kanpokoa litzatekeelako, eta, bestetik, hizkuntz eskakizunak betetzen dituzten beste langileekiko baztertzailea litzatekeelako. Irailean berriro protesta ekintzak hasiko dituztela iragarri dute irakasle horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu