Honako hauek dira hitzarmena sinatu duten finantza entitateak: BBVA, Laboral Kutxa, Banco Santander, Kutxabank, Bankoa Credit Agricole, Caixabank, Caja Rural de Navarra, Banco Popular eta Banco Sabadell Guipuzcoano. Horren bidez, "2008ko hizkuntza eskubideen dekretua osatzen joateko aurrerapauso garrantzitsua" eman dutela adierazi du Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak.
Dekretua kontsumo guneetan hizkuntza eskubideak bermatzeko sortu zuten. Euskalgintza oso kritiko agertu izan da aplikatzeko moduarekin, batez ere arau-hausteak zigortzeari uko egin izan diolako gobernuak. Halere, dekretua abian jarri zenetik, finantza erakundeen sektoreak aplikatzen du gehien: erdiek, batez beste.
Sinaturiko lankidetza hitzarmenaren edukiaren barruan hainbat jarraibide bildu dituzte. Besteak beste, idatzizko harremanetan zein ahozkoetan zerbitzu guztiz elebiduna eskaintzeko konpromisoa hartu dute finantza entitateek. Jarraipen batzorde bat ere eratuko dute, hitzarmenean jasotakoaren ebaluazioa egiteko. Gainera, bezeroari hizkuntza eskubideen berri ematen dion liburuxka argitaratu dute, hala nahi duten finantza entitateek euren arreta guneetan izan dezaten.