Euskara

Hizkuntza eskubideen araua ez dute ezagutzen enpresen erdiek

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen betetze maila aztertu du Eusko Jaurlaritzak. Enpresen %22k hartu dituzte neurriak haren eraginez; lautik hiru enpresak ez dute urratsak egiteko asmorik.

2015eko otsailaren 9a
07:23
Entzun

2008an onartutako kontsumitzaileen hizkuntza eskubideei buruzko dekretuaren betetze maila ikertu du Eusko Jaurlaritzak, eta emaitzak argigarriak dira. Inkestatutako 484 enpresen erdiak baino gehiagok ez dute duela sei urte baino gehiago onartutako aradiaren berri. Gainera, enpresen %22k baino ez dute betetzen araua. Sektoreen artean badira aldeak: finantza erakundeen erdiak betetzen dute, eta merkataritza kate handien heren bat inguruk (%35,5); merkataritza guneak (%3), etxebizitzaren sektorea (%2,4) eta hipermerkatu eta supermerkatuak (%1) dira gutxien betetzen dutenak.

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkutzan Politikarako sailburuordeak eman ditu datuak, arratsean, Eusko Legebiltzarreko Kultura eta Euskara Batzordean. "Kontsumitzaileei aitorturiko hizkuntza eskubideak bermatzeko bidean aurrera egin dugula ez dugu zalantzarik, baina ez gaude konforme; ez gaude gustora egungo errealitatearekin".

Ikerketa kuantitatiboaz gain, elkarrizketa luzeen bidez eremu kualitatiboa ere baloratu du  Jaurlaritzak. Elkarrizketa horietatik eratorritako hainbat ondorioa atera dituzte. Besteak beste, enpresek uste dutela kontsumitzaileen artean zerbitzua euskaraz jasotzeko beharra sortu egin behar dela. Sektorearen, enpresaren eta eremu soziolinguistikoaren araberako politikak egin behar direla ere esan dute enpresek elkarrizketa  horietan.

Baztarrikak nabarmendu du eremu soziolinguistikoak eragina duela emaitzetan. Eremu euskaldunetan dauden enpresa gehiagok bete dituzte 2008ko dekretuaren eskakizunak eremu erdaldunetan daudenak baino. Kontsumitzaile elebidunak %80 baino gehiago diren eremuetan hamar enpresatik zazpik bete dute dekretua; aldiz, elebidunak %20 baino gutxiago dituzten eremuetan hamarretik batera ere ez dira iristen.  

Gaur egungo araudiak "egokiak eta eraginkorrak" direla esan du Baztarrikak. Baina azaldu du neurri batzuk hartuko dituztela. "Enpresa traktoreekin" hiru urteko hitzarmenak egiten hasiko dira —250.000 euroko diru saila gorde dute aurten horretarako—; dekretuaren jarraipen batzorde bat ere sortuko dute, eta lankidetza ildoak hasiko dituzte beste administrazioekin; eta administrazioaren kontratazioetan jasotako hizkuntza irizpideen jarraipena ere egingo dute.

EH Bilduk kritikatu egin ditu Baztarrikaren asmoak. Euskararen normalizazioa erabiltzaileen bizkar utzi duela uste du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.