Euskararen aurkako epai «politikoei» batasun politiko eta sindikalarekin erantzun nahi die Euskalgintzaren Kontseiluak. Erakunde horretako zenbait ordezkarik bilera egin dute gaur arratsaldean zenbait eragile politiko eta sindikalekin, eta «batera» lan egiteko beharra helarazi diete.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 152/2021 epaian Irungo udaltzain izateko lan deialditik euskara eskakizuna kamustu izana kritikatu du Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak: «Bi elementu nagusi azpimarratu nahi izan ditugu. Batetik, epai politikoa dela, inolako justifikazio juridikorik ez duelako, eta, bestetik, epaia ezin dela bakarka ulertu. Aitzitik, epaitegietatik datorren joera baten barruan kokatu behar da, hizkuntza eskubideen urraketak ahalbidetzeko inertzia batean», esan du.
Izan ere, Kontseiluaren ustez, azken boladan asko dira «euskaldunen eta bestelako hizkuntza gutxituetako hiztunen aurkako erabakiak» hartu dituzten auzitegiak: «dela EAEko Justizia Auzitegi Nagusia, dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusia, dela Kataluniakoa edota Auzitegi Gorena».
Hori dela eta, «hizkuntza gutxituen alde lan egiten duten eragileen kezka» azaldu nahi izan die Bilbaok sindikatu eta alderdi politikoei. «Ohartzen ari gara botere judiziala bete-betean sartzen ari dela hizkuntza politikaren kudeaketan. Areago: egungo araudia jurisprudentziaren bidez aldatzen ari dira, herritarren hizkuntza eskubideak are gehiago murriztuz», azaldu du.
Hizkuntza eskubideen aurkako ebazpen judizialei aurre egiteko xedez, Kontseiluak etorkizunean jarri nahi izan du arreta: «Badakigu epai honen ostean beste batzuk etorriko direla. Batetik, epai honen beste hainbat prozeduratan izan ditzakeen ondorioengatik, eta, bestetik, auzitegiek hizkuntza gutxituetako hiztunen eskubideen aurka zabaldu duten bidearengatik».
Elkarretaratzea larunbatean
Aurrera begira, «estrategia bateratuen beharra» mahaigaineratu du Kontseiluak: «Azken egunotan ikusi dugu gizartea haserre dagoela gertatutakoarengatik. Eskubide murrizketei amaiera eman behar zaiela aldarrikatzen ari dira eragile politikoak, sindikalak, euskalgintzakoak...». Heldu den larunbatean elkarretaratzea eginen dute Euskaraz bizitzearen alde, batuz. Eskubide murrizketarik ez! lelopean, 11:00etan, Bilboko I Justizia auzitegiaren aurrean, baina, hortik aurrera ere, «estrategia bateratua artikulatzeko» eta horren gainean «proposamen bat» egiteko konpromisoa hartu du gaurko bileran.