Euskara

Hizkuntza gutxituak Frantziako ondare izendatu dituzte gaur

Kongresuaren osoko bilkuran diputatu eta senatariek beren aldeko jarrera berretsi dute. Aldaketa indarrean sartu ahal izateko, diputatu-senatarien hiru bostenen oniritzia (538 boto) behar zen, eta gutxieneko hori boto batez gainditu dute, 539 boto lortuta. Halere, aipamena ez da Frantziako Konstituzioko lehen artikuluan agertuko, 75. artikuluan baizik. Frantsesak segituko du "Frantziako hizkuntza ofizial bakarra" izaten.

2008ko uztailaren 21a
19:16
Entzun
Frantziako erakundeen erreforma aztertzen ari diren honetan, diputatuek eta senatariek hizkuntza gutxituak Frantziako ondare izendatzearen alde bozkatua dute -Senatuak azkena, lehengo astean-, eta gaur berretsi egin du Kongresuak (Frantziako diputatu eta senatarien biltzarrak), bozketan. Osoko bilkuran egon dira 15:30etik. Horretan ez dira emendakinak banan-banan onartu, osotasunean baizik.

Frantziako Konstituzioa aldatzeko, diputatu-senatarien hiru bostenen oniritzia behar zuten, eta aldaketa gertatzeko prozedura bera da hizkuntza gutxituek gainditu beharko duten lehen urratsa. Gaurko bozketan gutxienez aldeko 538 boto behar zituzten, eta 539 eskuratu dituzte. Beste gai batzuekin batera eginiko aldaketa sorta hau Frantziako Konstituzioari eginiko 24. kanbiamendua da. Orain hainbat prozedura tekniko eta legal pasatu beharko dituzte erabakiek, indarrean sartu ahal izateko.

Adostasuna lortzea zaila izan da. PSF alderdi sozialistak, adibidez, kontrako bozka iragarria zuen, eta UMP Herritarren Batasunerako Mugimenduak (eskuindarra) eta bere aliatuek besteen babesa behar izan dute. Hain justu, Nicolas Sarkozy (UMP) presidentearen gobernuak bultzatu du aldaketa.

Hizkuntza gutxituei buruzko aipamen hori ez da agertuko Konstituzioko lehen artikuluan, hastapen batean nahi zuten bezala, 75. artikuluan baizik.

Frantziako Konstituzioan hizkuntza gutxituen aipamena egiteko bigarren saioa da oraingoa. Diputatuek maiatzaren 29an onartu zuten Konstituzioko lehen artikuluan emendakin bat sartzea, hizkuntza gutxituak Frantziaren ondare direla erranez. Diputatu talde txiki batek onartu zuen emendakina, gauez eta ezustean. Frantziako Gobernuak ez zuen trabarik jarri.

Alta, UMP-Modem taldeetako senatariek emendakinaren aurka bozkatu zuten. 216 senatarik aurka bozkatu zuten eta soilik 103k alde.

Anartean, emendakina Frantziako Konstituzioan ez sartzeko presio ugari egon ziren. Aipagarriena Frantsesaren Hizkuntz Akademiarena. Haren iritziz, ez zen onargarria hizkuntza gutxituen aipamena Frantziako Konstituzioko lehen artikuluan agertzea, frantsesaren aipamena bigarren artikuluan egiten delako. Alta, hizkuntza gutxituak "Frantziako ondare" direla erraten zuen xumeki emendakinak. Ez zituen hizkuntza gisa aipatzen, eta oraingoan ere ez.

Frantziako Konstituzioko bigarren artikuluak argi dio frantsesa dela "Frantziako hizkuntza bakarra". Hala ere, Frantses Akademiaren iritziz, "frantsesaren tokia ahultze aldera" egiten zuen emendakinak, bigarren mailan agerrarazita. Hala ere, Frantsesaren Hizkuntz Akademiak erran zuen ez zuela deus hizkuntza gutxituen kontra, baina Konstituzioa ez zela horiei aipamena egiteko tokia.

Berriz ere ezustean, UMP taldeko diputatuek barne akordioa lortu dute, aipamena lehen artikulutik 75.era eramateko, alegia. Hori ez da izan eztabaida eta haserrerik eragin gabe. Marylise Lebranchu Finisterreko (Penn Ar Bed, Bretainia) diputatuak, Victorin Lurel Guadalupeko diputatuak eta Simon Renucci Korsikako diputatuak nabarmendu dute aipamena egiteko tokia desegokia dela. Hiru diputatuek salatu dute 75. artikulu hori "kolonietako garaian" baliatzen zela, menpean hartutako herrien egiturak bermatu ahal izateko Frantziako Konstituzioarekin hausturarik eragin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.