Euskara

Hizkuntza gutxituen eredutzat jarri dute EAEko euskara sustapena Estrasburgon

Hiztun kopurua handitzeko kasu arrakastatsu gisara aurkeztu dute Europako Parlamentuan EAEn gertatzen ari dena, Patxi Baztarrikak, Xabier Epalzak, Allande Boutinek, Andres Urrutiak eta Xarles Bidegainek. Galtzeko arriskuan den hizkuntza berreskuratzea "ez da utopia bat gaur Europan", ondorioztatu du Baztarrikak.

Euskal ordezkariak Estrasburgon.
2013ko azaroaren 21a
17:55
Entzun

Izaskun Bilbao eurodiputatuak antolaturik (EAJ), Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea, Epalza Euskal Kultur Elkargoko ordezkaria, Boutin aholku batzordeko kidea, Urrutia euskaltzainburua eta Bidegain euskaltzainburuordea izan dira Bizkai, Araba eta Gipuzkoan sustatutako politiken emaitzak aurkezten, eta ondorioztatu dute euskararenganako legeen babesak, herritarren atxikipenak eta hizkuntza politika konprometituak desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen iraupena bermatzen dutela.

Europako Parlamentuko hizkuntza gutxituen batzordean izan dira elkarlana proposatzeko, hizkuntza gutxituetan aritzen direnen eskubideak bermatze aldera. Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen txostenean EAJren hainbat emendakin sartzeko arrazoiak aipatu dituzte. Azken hiru hamarkadetan euskarak EAEn izan duen hazkundea, Nafarroan izan duen geldialdia eta Ipar Euskal Herrian izan duen atzeraldia aipatu dituzte hizkuntzen aldeko politikek izan dezaketen garrantzia argudiatzeko. Baztarrikak eman ditu datuak: azken 30 urteotan %05eko hazkunde etengabea izan du euskarak EAEn. Azken bi hamarkadetan euskaldunen kopuruak %8 egin du gora; Nafarroan %2, eta Ipar Euskal Herrian %12 egin du behera. Erronkez ere aritu da: "Bizitasuna eta erabilera" dira lehentasunak orain.

Epalzak egin du Nafarroaren egoerari buruzko aurkezpena. Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika salatu du, euskaldunen eta euskararen presentzia "minimizatzen" saiatzen dela, "beren lurraldean atzerritar" egiteraino. Nabarmendu duenez, legea berez "txarra" bada, araudia ez betetzeko ahalegina egiten da, eta betearazteko "muzin" egiten die Nafarroako zein Europako instituzioek egiten dituzten eskaerei. Hizkuntzak diskriminazio tresna izateari uzteko politika bateratuen beharra nabarmendu du.

Boutinek, berriz, entzuleen aurrean azaldu du Ipar Euskal Herrian euskarak ez duela legearen babesik, onarpen eta lege babesik ez izatea dela arrazoi nagusia atzeraldirako. "%30 euskal hiztunak gara, baina politika hauek gure hizkuntzak interesa eta prestigioa gal ditzan eragin dute". Ipar Euskal Herriarentzat "estatutu" bat eskatu du Europako hizkuntza gisara.

Urrutiak eta Bidegainek, berriz, administrazio mugez gaindi Euskaltzaindiak egiten duen lana azaldu dute, bai eta hizkuntzaren normalizazio bidean bultzatzen dituen balioak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.