Frantziak 1999an izenpetu zuen Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna, eta hori berretsiko zuela agindu zuen Frantziako presidente François Hollandek presidentetzarako hauteskunde kanpainan. Joan den uztailaren 31n Euroituna berretsi ahal izateko lege proposamen bat egin zuen Christiane Taubira Justizia ministroak: konstituzioan 53.3 artikulua txertatzea, hain zuzen. Kongresuak onartu behar zuen aldaketa hori, eta horretarako lehenik senatuak onartu behar zuen. Eztabaidatu baino lehen gibelera bota du, ordea, mozioa onartuta.
Konstituzioa moldatu ezean euroituna berrestea ezinezkoa dela errana du Frantziako Kontseilu Konstituzionalak, eta senatuko eztabaidan behin eta berriro oroitarazi dute hori eskuineko parlamentariek. Konstituzioa aldatzeko, bi bide zituen Hollandek: erreferenduma, edo kongresua —senatuko eta legebiltzarreko hautetsiak— bildu eta hiru bostenen babesa lortzea. Bigarrenari heldu zion, baina huts egin du.
Gobernuaren asmoa baztertu baina, eskualdeko hauteskundeetarako hilabete eta erdiren faltan hizkuntza gutxituen aurka jardutearen kritikak saihesteko, LR eskuindar errepublikarrek eta zentristek hizkuntza gutxituak sustatzeko lege proposamen bat adostu dute.