Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna berresteko, lege konstituzional baterako proposamena aztertuko du Frantziak urtarrilean. Horrela jakinarazi du Jean Marc Ayrault Frantziako lehen ministroak, Bretainian. Diputatu sozialista talde batek konstituzioa aldatzeko proposamena aurkeztu zuen abenduaren 10ean, nagusiki Bretainiako diputatuek bultzaturik. Eztabaidarako data ez da zehaztu oraindik, baina urtarrilaren 22an izan daiteke.
Orain artean Frantziako Konstituzio batzordeak saihestu egin du Europako ituna berrestea. Hori saihestu nahi dute. Batetik, parlamentuan eta senatuan gehiengo sinplez onartzea, eta erreferenduma egitea. Beste aukera da gobernuak aurkeztea proposamena, presidenteari helaraztea, eta hark aurkeztea. Bozketa bakarrean erabakiko lukete parlamentuak eta senatuak, elkarrekin. Bost diputatutik hiruren babesa beharko du aurrera egiteko. Sozialistek kasu horretan ez dute hainbesteko indarrik.
Euskalgintzako eragileek zuhurtziaz hartu dute berria. Batetik, Frantziako Parlamentuan eztabaidarako aurkeztu diren testuetan ez da lege konstituzionalaren testua ageri. Bigarrenik, prozedurak berak bideragarri edo ezinezko bihur dezake onarpena.