Donostia 2016

Hizkuntza gutxituen kongresua egitearen aurkako eskarian bat egin dute Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak

Donostia 2016 Fundazioak Kontseiluarekin hitzarmena egin zuen, kongresua antolatzeko. Espainiako Kultura Ministerioak helegitea jarri zion erabaki horri, eta asteazkenean bildu da Donostia 2016ko Fundazioaren patronatua. Bilera horretan, Eusko Jaurlaritzak bat egin du Kultura Ministerioaren helegitearekin.

2015eko martxoaren 19a
09:02
Entzun

Paradoxa: Donostia 2016 Fundazioaren Patronatuak berak helegitea babestuko du Donostia 2016k Kontseiluarekin sinatutako hitzarmenaren kontra. Hizkuntza gutxituen egoerari buruzko goi bilera bat egiteko sinatu zuten akordio hori, baina patronatuak, asteazkeneko bileran, ez du egokitzat jo, eta babestu egin du helegite hori. Jaurlaritzak eta Kultura Ministerioak eman dute helegitearen aldeko botoa; Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kontrako botoa eman dute.

Lau ordu inguruko bilera egin du patronatuak.

Espainiako Kultura Ministerioaren arabera, lehiaketa publiko bat egin behar zuen Donostia 2016k kongresuaren lanak emateko. 422.000 euroko aurrekontua du ekintzak.

Bi bozketa egin ditu patronatuak. Lehenbizikoa, helegite hori kentzeko eskatzeko. Donostiako Udalak eta diputazioak babestu dute —hiru eta bi boto dituzte, hurrenez hurren—; aurkako botoa eman dute Jaurlaritzak eta ministerioak —boto bi eta bat, hurrenez hurren—. Bigarren bozketan antzera gertatu da: Kontseiluari emandako lanaren esleipena legezkoa dela frogatzeko, patronatuaren zerbitzu juridikoak erabiltzea erabaki du fundazioak, bozketa horretan.

Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak esan du Eusko Jaurlaritzak aukera bat galdu duela 2016ari babesa adierazteko. Ministerioak, berriz, era "desleialean" jokatu duela esan du.

Eusko Jaurlaritzak patronatuan duen ordezkariak, Joxean Muñoz Kultura sailburuordeak, esan du legearen ikuspegitik "eztabaidagarria" dela Kontseiluarekin sinatutako akordioa. Bilduri egotzi dio akordioak bilatzeko ahaleginik ez egitea. Erantsi du Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak, esaterako, badituztela bideak halako kongresuak antolatzeko, Kontseiluak berak bakarrik egin gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.