Minori TB hizkuntza gutxituen telebisten jardunaldia egiten ari dira Bilbon, EITBren egoitzan. Jardunaldiak hizkuntza gutxituen telebista sarearen biziraupena eskaini nahi du. Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiak eman dio hasiera jardunaldiari, eta herrialde ezberdinetako telebista kateen arduradunek hitz egin dute ondoren.
Michael Lally. Circom-eko (Europako erregio telebisten elkartea) presidenteak Irlandako telebistan egiten du lan. "Krisiaren eraginez, eskualde kate publiko guztien finantzazioak behera egin du. Murrizketa handiak gertatzen ari dira Europa osoko telebistetan. Adibidez, Hungarian bertan behera utzi dituzte eskualde ekoizpenak". Irlandako RTE eta TG4 kateentzat ere egiten du lan Lallyk, eta gaelikoz egiten den telebistak harrera ona nabarmendu du: "Gaelikoz emititzen duen TG4 kateak %3ko ikusle kuota du Irlanda osoan. Baina gaelikoa lehen hizkuntza dutenen artean, %86arentzat kate kuttunena da TG4".
Rosa Vilas. Galiziako Telebistako zuzendariak nabarmendu du TVG hasieratik garrantzitsua izan dela, "pertsonaiei, politikariei eta eragileei hitza galegoz eman dielako". Haren ustez, inork ez du galegoaren alde inork beraiek baino gehiago egin. «Gainera, gure telebista ez da batere garestia galiziarrentzat. Eta errentagarritasun soziala nabarmena da". Ikus-entzuleen babesa du TVGk, eta horren erakusgarri eguerdiko albistegiak %36ko ikusle kuota du. "Galizian lortu dugu guztion arteko adostasuna. TVG ez du inork zalantzan jartzen. Eta ez dugu etsiko".
Joan Roses. Teknologia berriekin gertatzen ari diren aldaketak aztertu ditu jardunaldian Roses Kataluniako TV3ko zuzendariak. "Espainiako Estatuan 2012an salduko diren telebista aparailuen %25 Internetera konektatuak izango dira. Gu telebista kartara eskaintzen ari gara, eta horretarako fabrikatzaileekin akordioak sinatzen. Ikusleak nahi duena nahi duenean kontsumitu ahal izatea da asmoa".
Keith Jones. BBC Wales-eko sortzaileetako bat eta galesezko saioen burua da. Hainbat urtez bizi izan du galesez egindako telebistaren bilakaera: "Saio egokiak eskaintzea izan da beti helburua, herritarrei zerbitzu publikoa eskaintzea". Nabarmentzekoa da 1974. urtean BBC Walesek sortu zuen Pobol y Cwm telesaila. 1982. urtetik S4C kateak emititzen du, eta errugbi partida garrantzitsuak kenduta Galesen gehien ikusten den telebista saioa da. Galesez emititzen duen irrati bat ere badu BBCk: Cymru. "Irrati horretan saiatzen gara gertukoak izaten eta saio asko zuzenean egiten". Gabeziak ere aipatu ditu Jonesek: «Etsita nago on-line zerbitzuan ez garelako indartsu sartu".
Arratsaldean mahai-inguru bat izango da. Robert Dunbar eskoziarrak Ba al dago etorkizunik gutxiengoen telebistarentzat gehiengoen munduan? hitzaldia emango du. Eta jardunaldiaren agurra Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek egingo du.