Euskararen biziberritzean murgildutako eragileek «aliatu» egin nahi dituzte euskal herritar berriak prozesu horretan, eta, hor egin daitezkeen bideak aztertze aldera, hizkuntza harrerari buruzko jardunaldiak egingo dituzte urriaren 10ean eta 11n Gasteizen, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordetzak lankidetzan antolatuta. Ongi etorri euskararen mundura. Harrera jardunaldiak izena jarri diete. Europa jauregian izango dira.
Prentsa ohar baten bidez eman dute jardunaldien berri, eta egitaraua plazaratu dute. Azaldu dute horien bidez ekarpena egin nahi dutela hizkuntza harrerako protokolo egokiak diseinatzeko «zumeak» jartzeko ahaleginetan. «Horretarako, euskal herritar berriek euskararekiko izan duten esperientziaren berri jasotzeaz gain, haiek euskarara hurbiltzeko hainbat lekutan martxan diren lanketak ezagutuko dira, hainbat erakunde eta elkartek abian jarritakoak», nabarmendu dute. Bide horretan, «iraganeko» immigrazio esperientziek euskarari egindako ekarpena ere aztertuko dute.
Jardunaldien aurkezpena egiteko, gaur Martin Ugalde kultur parkean (Andoain, Gipuzkoa) elkartu dira Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Aitor Aldasoro eta Euskalgintzako Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañaga.