EUSKARA

Hizkuntza politikarako koordinazioa areagotuko dute erakundeek

Iaz sinatutako hitzarmena sendotu dute Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEPk. Iragarri dute Hakoba koordinazio batzordean sartuko direla Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko erakundeak ere. Euskara tituluen baliokidetzarako pausoak ere ematen ari dira.

EEPko, Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaularitzako ordezkariak, Donostian. GARIKOITZ GOIKOETXEA
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko ekainaren 15a
08:30
Entzun

Iazko uztailean sinatu zuten lankidetzarako hitzarmena Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta EEP Euskararen Erakunde Publikoak. Hizkuntza politikaren esparruan elkarlana sendotzeko helburua jarri zioten hitzarmenari, eta hainbat ildo ezarri zituzten horretarako. “Harremanak normalizatzeko” hitzarmena izan zen; alegia, ordura arte teknikariak ari ziren elkarrekin lanean, baina erakunde gisa ez zuten halako hitzarmenik.

Urtebetean egindako bidearen balantze ona egin dute hiru erakundeek, Donostian elkarrekin egindako agerraldi batean. Besteak beste, nabarmendu dute inkesta soziolinguistikoa elkarrekin bideratu dutela, Euskararen Adierazle Sistema martxan dela jada eta Eskola Futura proiektua ere abiarazi dutela —Ipar Euskal Herrian irakasle euskaldunen eskasiari aurre egitea helburu duen egitasmoa da—.

Asmo handiagoak ere badituzte esku artean. Aurreratu dute Nafarroako Gobernua eta EEP Hakoba batzordean sartuko direla. Erkidegora mugatu da orain arte batzorde hori: Eusko Jaurlaritza, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak, Eudel eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea izan ditu partaide. Gogoan izatekoa da beste urrats bat ere egin dutela: Euskararen Aholku Batzordean Iruñeko gobernuko eta EEPko ordezkariak sartu ditu Jaurlaritzak. Bidenabar, Euskarabideak Euskararen Nafar Kontseiluan ere euskalgintzako kide gehiago sartu ditu.

Euskara tituluen baliokidetza ere ari dira jorratzen, eta uste dute “onura handia” izango dela hori herritarrentzat. Beste hainbat egitasmo jorratzea ere izenpetu dute; besteak beste, arnasguneei buruzko azterketa bat egingo dute, eta ikasleen truke programak bultzatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.