Euskalgintzaren Kontseiluak hizkuntza politiketan eragiteko adostasun soziala lortu du, Batuz aldatu. Gaur goizean egin du haren aurkezpena Donostian, agiriarekin bat egin duten eragileen ordezkariekin batera. Hizkuntza politiketan jauzia egiteko garaia dela aldarrikatu dute, eta argi dute helburua: euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea. Orotara, Euskal Herriko hainbat arlotako 99 eragilek egin dute bat dokumentuarekin.
Dokumentuan jasotzen dutenez, euskararen erabilera erosorako baldintzak sortzea dute xede nagusi, eta, horretarako, hizkuntza eskubideak eremu guztietan bermatu beharko dituzte, «hala nahi duen edonork ez dezan euskara erabiltzeko inolako eragopenik izan». Hau da, finean lortu nahi dutena honakoa da: herritarrek, «ahalegin berezirik» egin beharrik gabe, euskara eroso erabiltzeko baldintzak izatea, euskaraz hitz egiteagatik deseroso edo baztertua sentitu gabe. «Hortaz, agertoki horretan, hizkuntza eskubideak bermatuko dira, eta euskaraz duintasunez bizi ahal izateko baldintzak beteko dira».
Helburua erdiesteko aurretik egin beharreko urratsen berri ere eman dute. Dokumentuaren arabera, erabilera erosora igarotzeko, bi mailatako baldintzak hartu behar dira gogoan: maila indibidualekoak eta kolektibokoak. Maila indibidualeko baldintzei dagokienez, norbanakoen erabilera erosoan zuzenean eragiten duten aldagaiak dira, hizkuntza erabiltzeko konpetentziari lotutakoak. horren baitan, garrantzi handiena euskara erabiltzeko gaitasuna izateari eman diote, baina baita euskara erabiltzeko nahia izateari ere. Bi motibazio mota landu behar direla uste dute: motibazio afektiboa —komunitatearen parte izatea, identitatea, euskararekin izaniko gozamenezko bizi esperientziak...— eta motibazio pragmatikoa —lotuta dago bakoitzaren garapen pertsonalean eta profesionalean euskaraz aritzeak ekarriko dizkion onurekin; beraz, zerikusia izango dute instituzioetatik garatutako politika publikoek, baita pribatuek ere—. Maila kolektiboko edo egiturazko baldintzak, berriz,«anitzagoak eta askotarikoagoak» direla nabarmendu dute: elebidunen dentsitatea, erabilera babesteko edo sustatzeko arauak eta politikak...
Ezagutzaren unibertsalizazioa ezinbesteko
Euskararen erabilera erosoa lortze aldera, bi ardatz finkatu dituzte. Alde batetik, hizkuntzaren ezagutzaren unibertsalizazioa bultzatu behar dela iruditzen zaie: «Edonork, edonon, euskara erabiltzeko eragozpenik izango ez badu, ezinbestekoa da elkarrizketako partaide guztiek euskaraz gaitasun nahikoa izatea». Zehaztu dute hori lortu ahal izateko zein eremutan arreta jarri behar den ere: hezkuntza sisteman, helduen euskalduntzean —zerbitzua doan jasotzeko eskubidea aldarrikatu dute— eta hizkuntzaren transmisioan edo sozializazioak Ezagutzaren unibertsalizazio hori lortu arte, garrantzitsutzat jo dute ulermena unibertsalizatzea. Beste aldetik, euskara eroso erabiltzeko eremuak sortzearen, garatzearen eta elkarlotzearen alde egin dute.
Helburua eta hori lortzeko urratsak finkatzearekin batera, hainbat konpromiso ere jasotzen ditu dokumentuak: bertan adostu duten edukia gizarteratzea, administrazioarekin nahiz bestelako eragileekin izandako hartu-emanetan dokumentuan zehaztutako hizkuntza politikari buruzko ikuspegiak eta proposamenak defendatzea eta sinatzaileek elkarlanean jarraitzea.