Nazioarteko Egiaztatze Batzordearen ondotik, HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldea. Euskal Herriko gatazkaren konponketan buru-belarri sartuta dabiltzan nazioarteko bitartekari eta adituek helburu horretan aurrera egiteko asmo sendoa dutela erakutsi dute. Egiaztatze Batzordeak Euskal Herria utzi orduko, Harremanetarako Nazioarteko Taldea dator, ostegun-ostiralean, otsailaren 2 eta 3arekin, alderdi politikoetako ordezkariekin batzartzera. Hainbat hedabidek aurreratu zuten atzo, eta HNTko kide batek, Alberto Spektorowski israeldarrak, baieztatu egin zuen notizia SER irrati katean.
Urriaren 17an Donostian egin zen Nazioarteko Konferentziaz geroztik lehen aldia izango da Euskal Herrira datozela. Abenduaren 6an, dena den, bilera bat egin zuten Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen duen taldeko kideek, baina Londresen.
Euskal Herriko alderdiak
Nazioarteko Konferentzia hura mugarri izan zen hainbat alorretan, eta baita baliagarri HNTk harremanak hedatzeko. Hori hala, bi egunean Bilbon egingo dituzten lan saioetan, Euskal Herriko, ipar eta hegoko alderdiekin bilduko dira nazioarteko bitartekari eta adituak, Spektorowskik nabarmendu zuenez.
Bi egun horietan HNTren helburua alderdiak elkarrekin «bakerako eta elkarrizketa demokratikorako oinarriak adostea edo adosten saiatzea» izango da, ordezkari israeldarraren arabera.
Spektorowskik gaineratu zuen oraindik ez dutela harremanik izan Espainiako egungo gobernuarekin, baina «logikoa» ere ikusten du hori, Mariano Raxoi «oraindik kokatzen ari baita» agintean.
HNT hilaren 2an eta 3an bilduko da Euskal Herriko alderdiekin
Alderdiak mahai berean bildu nahi ditu, elkarrizketa demokratikorako oinarriak adosteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu