Urte hasieran edo bukaeran jaio, ia urtebeteren aldea dago. Urte bereko urtarrilean jaiotzen direnak abendukoak baino ia urtebete zaharragoak dira. Desabantaila dute urte bukaeran jaiotako ikasleek. Hori agertzen ari da gero eta ikerketa gehiagotan: emaitza kaskarragoak lortzen dituzte urte amaierako ikasleek, batez ere lehen ikasturteetan. ISEI Irakats Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak badu ikerketa bat —2007koa—, DBH Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. maila igaro aurretik errepikatzen duten ikasleei buruzkoa. Hara emaitzak: urtarrilean, otsailean edo martxoan jaiotakoen artean, %15ek errepikatzen dute mailaren bat; urrian, azaroan edo abenduan jaiotakoen artean, %25ek. Aldea nabari da, baita tarteko hilabeteetan ere: apirilean, maiatzean edo ekainean jaiotakoen %16k errepikatzen dute, eta uztailean, abuztuan edo irailean jaiotakoen %22k.
Gehiago errepikatzen dute urte amaierakoek, emaitza kaskarragoak lortzen dituztelako. Horiek ere aztertu ditu ISEIk, eta bistan utzi du Matematikan eta Zientzian aldea badagoela urte hasieran edo amaieran jaio —emaitzak ezkerreko koadroan daude—. Diferentziak agerikoagoak dira ikasleak zenbat eta gazteagoak izan: Lehen Hezkuntzako 4. mailan, Matematikako proban 17 puntu gehiago lortu dituzte urtarrileko ikasleek abendukoek baino; DBHko 2. mailan, sei punturena da aldea. Zenbat eta helduago, txikiagoak dira diferentziak.
Berriak dira ikerketa horiek. Kanadan egin zuten sona hartu zuen lehenbizikoa, 2006an. Aztertu zuten Lehen Hezkuntzako mailetan alderik ba ote dagoen urte hasieran eta amaieran jaiotakoen artean, eta ondorioztatu zuten baietz, errendimendu gutxiago dutela urte amaierakoek.
Ingalaterran ere aztertu dute. Han urtea ez, ikasturtea da erreferentzia: irailetik abuztura jaiotakoak jartzen dituzte gela berean. Aldeek berdin segitzen dute, hala ere. «Batez beste, irailean jaiotakoek emaitza nabarmen hobeak lortzen dituzte abuztuan jaiotako umeek baino. Azterketak egiten dituztenean, abuztuko umeek irailekoek baino urtebete gutxiago daukate. Bistan dago jaiotegunak eragina badaukala ezagutzaren emaitzetan».
Desabantailak gerora ere
Frantzian indarra hartzen ari dira horrelako ikerketak. Besteak beste, ikusi dutelako abenduan jaiotakoen erdiek baino gehiagok errepikatzen dutela oinarrizko hezkuntzan —urtarrilean jaiotakoen artean, %35ek errepikatzen dute—. Hots, adinean aurrera ere diferentziek jarraitzen dutela.
Herrialde aurreratuen arazoa da batez ere. Hala dio Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean eginiko ikerketa batek. «Hogei punturen aldea dago urte hasierakoen eta bukaerakoen artean herrialde aurreratuetan eta PISA ikerketan nota onena daukatenetan: Austrian, Australian, Kanadan, Suitzan...». Parisko Ekonomia Eskolak adierazi du eskolatik kanpo ere eragiten dutela alde horiek: herrialde horretan, urte bukaerakoek gainerakoek baino gehiago jotzen dute erdi mailako ikasketetara, eta batez bestekoa baino soldata eskasagoak dituzte.
Ikertzaileek nabarmendu dute, hala ere, beste aldagai batzuek ere zerikusia badutela emaitzetan. Orain arte gutxi ikertu izan da jaiotegunaren auzia, eta horretan sakondu behar dela diote. ISEIk berak adierazi du ikerketa xeheagoak egin beharko direla ondorio argiagoak lortze aldera.
Bitartean, proposamenak hasi dira mahai gainean jartzen. Nagusiena, ikasleak gehiago banantzea; urte berekoak beharrean, hiruhilekoka-edo jartzea geletan, maila antzekoagoa izan dezaten. Dagoeneko hori egiten hasita daude zenbait haur eskolatan.
Hobe da urtarrilean jaiotzea
Urtearen bueltan jaiotako guztiak gela berean sartzen dituzte ikastetxeetan. Hala ere, ia urtebeteren aldea dago urtarrilean edo abenduan jaio. Emaitzetan nabari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu