Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren hobekuntza ekarriko duen prozesu «planifikatu, praktiko eta eraginkor» bat eskatu dio EAJk Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. PSE-EEren gobernuak ekarriko zuen «aldaketa» hedabideetara eramateko ahaleginak hezkuntzan «nahasketa» eragin duela uste du. Horregatik, «titulu arrakastatsuak» lortzeko ahalegina alde batera utzi, eta kudeaketa lanari lehentasuna emateko eskatu dio. Orain arte egindako lana aztertu, eta etorkizunera begirako ildoak zehazteko ekimen sorta bat aurkeztu dute EAJko kideek Eusko Legebiltzarrean.
Hiru eleko hezkuntza esparruari buruzko argibideak ere eskatu ditu Arantza Aurrekoetxea legebiltzarkide jeltzaleak, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zenetik urtebete igaro arren «osatu gabe» jarraitzen duela argudiatuta. «Markoak ez du ez norabiderik ezta erritmo argirik ere», nabarmendu du.
Ikastetxeen Digitalizazio Plana Eusko Legebiltzarrera noiz helduko den ere galdetu du EAJk, bertan zuzenketak egin ahal izateko. Horrez gain, ikastetxe publikoen azpiegiturak hobetzeko 2008. eta 2012. urteetako planaren betetze mailari buruzko argibideak eskatu dizkiote Jaurlaritzari. Herriz herri egitasmoaren egoera zein den argitzeko eskatu dute, eta planean zehaztutakoa betetzeko eskatu diote «udalerriaren kolore politikoa begiratu gabe».
Bestalde, ikasleen emaitzak hobetzeko plana eskatu dio EAJk Hezkuntza Sailari.
Lanbide Heziketa
Lanbide Heziketaren hirugarren planaren zirriborroa Legebiltzarrean aurkezteko eskatu dio, aurretik bi aldiz atzeratu ostean. Planaren garrantzia nabarmendu du EAJk, eta zirriborroa Lanbide Heziketaren diagnosia egin gabe idatzi izana kritikatu du.
Hobekuntza prozesu «eraginkor» bat eskatu dio EAJk Jaurlaritzari
Hezkuntza kudeatzea lehenetsi beharrean «titulu arrakastatsuak» lortu nahi izatea leporatu diote Hezkuntza Sailari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu