Bigarren urte politikoan, Iruñeko EH Bilduk "izaera eraikitzailearekin" akordioaren kulturan murgildu behar dutela deritzo. Iruñeko Udala EH BIlduk, Aranzadik eta Ezkerrak osatzen dute eta Geroa Baik kanpotik babesten du. Nafarroako Gobernuari gertatu bezala, eskuin mediatikoaren kritika gogorrak jaso ditu lehen 15 hilabeteotan: "Zalantzarik ez da oztopoak izanen direla", aipatu du gaur EH Bilduko Iban Maiak.
Dani Saralegi eta Maider Beloki Iruñeko kultura zinegotziarekin batera emandako prentsaurrekoan, EH Bilduk atzean utzi nahi ditu UPNren urteak. "Aniztasunaren ukazioa, xahutze ekonomikoa, desoreka sozial izugarriak markatutako aro luze batetik gatoz, eta oraindik ere arrastoak badira nonanhi. Poliki-poliki garai horiek gainditzen joan beharko dugu".
Aldaketan sakontzeko batik bat ezberdintasun sozialak murriztea eta elkarbizitza marko bat eraikitzea izango dute lehentasun. Horrekin batera, "ezinbestekotzat" jotzen dute hiriaren eraldaketa kulturalaren alde egitea. Hori guztia, era berean, auzoekin eta hiriko mugimendu sozialekin batera elkarlanean egin behar dela deritzo EH BIlduk.
Hiri bilgunea, asteartean, 19:00etan
Aldaketarako lan ildo garrantzitsuen artean, honakoak aipatu dituzte: ekonomia eta justizia soziala, tokiko merkataritza, memoria eta elkarbizitza, mugikortasun iraukorra eta kultura. Hala, urte politiko berrirako, asteartean 19:00etan Kaldereria kaleko udal aretoan hiri bilgune bat antolatuko dute, eta herritarrei parte hartzera deitu diete. Iruñeaz gogoeta egingo dute bertan, eta EH Bilduko Iruñeko zinegotziak egongo dira bertan.