1936ko gerrako hobien mapa osatu ahal izateko, epaitegietako artxiboetara sartzekobaimena eskatu dio Nafarroako Gobernuak lurralde horretako Justizia Auzitegi Nagusiari. Hala eman du jakitera Nafarroako Gobernuko Gai Juridikoetarako zuzendari nagusi Marta Pernautek.
Nafarroako Gobernuak hilabeteak daramatza mapa hori osatzeko lanean. Egin ondoren, gobernuaren webgunean zintzilikatzeko asmoa dute. Orain, mapa egin ahal izateko informazioa biltzen ari dira. Nafarroako Unibertsitate Publikoa ere ari da parte hartzen proiektuan.
Behin informazioa jasota, datubase bat osatu eta mapa egingo dute. Egun, 1936ko gerrako biktimen elkarteek, Espainiako Justizia Ministerioak, udalek eta 1936ko gerrari buruz liburuak idatzi dituzten hainbat idazlek dituzten informazioak ari dira erabiltzen.
Baina hori osatze aldera, beharrezkoa ikusten dute epaitegietako artxiboetakoa ere. Heriotza agiriak kontsultatu nahi dituzte. Herritarrei ere eskatu diete, hobien inguruan informazioa eskuratzeko.
Nafarroako Gobernuko presidenteorde Roberto Jimenezek azaroan iragarri zuen aurtengo maiatzerako egongo dela erabilgarri mapa. Ordurako hamasei hobi zituzten identifikatuak. Besteak beste, Oibarren, Aberinen eta Cadreitan aurkitu zituzten.
Presidentetza, Administrazio Publiko eta Barne Departamentuak 40.000 euro jarri ditu senideen gorpuak lurretik atera nahi dituzten familiei laguntzeko eta mapa osatzeko. Proiektu hori azkartu nahi dute.
Eusko Jaurlaritzak orain bi urte jarri zuen sarean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hobien mapa. Fusilatutako eta desagertutakoen izen-abizenak ere kontsulta daitezke Justizia Sailaren atarian.
Hobien mapa osatzeko, epaitegien artxiboetara joko dute Nafarroan
Maiatzerako mapa amaitua egotea espero du Nafarroako Gobernuak; herritarrei laguntza eskatu die
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu