Frantziako Justiziak hogei urteko kartzela zigorra jarri dio Ainhoa Ozaetari, ETAko buruzagi eta estortsio eta finantza arloetako arduradun jota. Igor Suberbiolari hamasei urtekoa ipini dio, ETAko buruzagi eta talde politikoko ardura egotzita. Eta Jon Salaberriari, hamabikoa, zuzendaritzako talde politikoan propagandaren ardura izatea leporatuta. Gaur bukatu da epaiketa, Parisen, eta arratsaldean jakinarazi du epaia auzitegiak.
Fiskaltzak eguerdian hogei urteko kartzela zigorra eskatu du Ozaetarentzat, hemezortzikoa Suberbiolarentzat eta hamabostekoa Salaberriarentzat.
Hirurek ETAk jarduera armatua uzteko erabakiaren alde agertu dira berriro. "ETAren borroka armatua iraganeko kontua da. Ez da gehiago izango", esan du Suberbiolak azken hitzartzean. "Gatazka" bat izan dela aitortu du, hark "sufrimendua eta mina" sortu dituela, eta, ondorioz, "erreparazioa" behar dela.
Xabier Lopez Peña ere atzeman zuten haiekin Bordelen, 2008an, baina iazko martxoan hil egin zen, preso zela, bihotzeko arazoak izanda.