Ertzaintzak homizidioa leporatu dio herenegun Zarautzen (Gipuzkoa) itota aurkitutako urte eta erdiko neskatoaren aitari, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak atzo jakinarazi zuenez. Hala ere, ez du zehaztu heriotza utzikeriak eragin zuen edo nahita hil zuen haurra. «Oraingoz lortutako frogen arabera», homizidioa egoztea erabaki du Ertzaintzak, iturri berberaren arabera. Aita, 41 urteko gizonezkoa, herenegun atxilotu zuen Ertzaintzak, gertakari honen aitzinetik hura bilatzeko agindua zuelako. Ordutik Zarauzko polizia etxean dute, Azpeitiko epaitegiaren (Gipuzkoa) esku uzteko zain. Homizidioa egotzita, haren auzibide egoera aldatu dela jakinarazi du Herrizaingo Sailak. Kasua sekretupean dago.
Gertatutakoa salatzeko bi elkarrateratze antolatu dituzte Zarautzen gaurko. Bata, Bilgune Feministak antolatu du, Lege Zaharraren enparantzan, 12:00etan. Bertzea, berriz, Zarauzko Udalak, udaletxe aurrean, 12:30ean.
Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidenteak iragarri du udalaren elkarretaratzera joango dela. «Sistemari buruzko gogoeta sakona» beharrezkoa dela adierazi du, «tratu txarren egileak adingabeengana inolako kontrolik edo zaintzarik gabe iristea saihesteko». Aralarrek Mariola Serrano Eusko Jaurlaritzako Genero Indarkeriaren Biktimen Bulegoko zuzendariaren agerraldia eskatu du, «azal dezan ea badagoen euren borondatez harrera etxeetatik joatea erabakitzen duten emakumeen egoerari jarraipena egiteko eta laguntza emateko protokolorik». Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikarako Sailak, berriz, deitoratu egin du adingabekoak «helduen mendeku eta gatazketan» nahastea. «Kasu honetan bezala», generoaren indarkeriaren biktimekiko «beti adi» egonen dela berretsi du Aldundiak.
Neskatoaren hilotza herenegun aurkitu zuten Zarauzko moilatik gertu, 09:00etan. 05:20 inguruan, aitak Ertzaintzari hots egin zion, umearen desagertzearen berri emateko. Ertzaintzak goizean bertan atxilotu zuen gizonezkoa, Bilboko epaitegi batek iheslaritzat jo baitzuen irailaren 28an. Herrizaingo Sailaren arabera, gizonezkoak ertzainei kontatu zien alabarekin batera kalean lotan zegoela.
Gizonezkoak aurrekariak zituen, bikotekide ohiari tratu txarrak emateagatik eta alaba bahitzeagatik. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi zuen amabi aldiz artatu zuela «genero indarkeria arazoengatik» baina ez zuela inoiz «antzeman» seme-alabak «egoera babesgabean» zituenik.
Uztailaren 17an, umearekin alde egin zuen gizonezkoak, baina hurrengo egunean Galdakaon (Bizkaia) atxilotu zuten udaltzainek. Aita bilatzeko agindua joan den abuztutik zegoen indarrean, epaiketa batera agertu ez zelako.
Sexu erasoa Sestaon
13 urteko neska bati Sestaon (Bizkaia) ustez sexu erasoa egin zion gizonezkoa epaileak aske utzi zuen atzo. Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, 42 urteko gizonezkoa herenegun atxilotu zuen Ertzaintzak, eta egotzitako gertakaria iragan ekainean jazo zen. Herrizaingo Sailak jakinarazitakoaren arabera, ustezko erasotzaileak eta biktimak elkar ezagutzen zuten, eta gizonezkoak bere etxean egin zion eraso neskatoari. Salaketa neskatoaren amak jarri zuen iragan asteburuan.
Homizidioa egotzi diote Zarautzen hildako haurraren aitari
Herrizaingo Sailak ez du zehaztu heriotza utzikeriak eragin zuen edo nahita hil zuen hemezortzi hilabeteko haurra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu