Frantziako Gobernua prestatzen ari den lege proposamenak gay eta lesbianen ezkontzak baimenduko ditu, eta bikote homosexualak «heterosexualen pare» jarriko ditu haurrak adoptatzeko legedian ere. Christiane Taubira Frantziako Justizia ministroak eman du arauaren ildo nagusien berri, La Croix kazetan argitaratutako elkarrizketa batean. «Lege egitasmo honek berdintasun eskakizun bat betetzen du».
Taubirak azalpenak eman ditu: «Lege proiektuak sexu bereko bikoteei zabalduko die ezkontzaren, seme-alabatasunaren eta gurasotasunaren inguruko araudia». Ez ditu, ordea, eskubideak guztiz berdinduko, salbuespen bat iragarri baitu: legeak ez du aintzat hartuko bikote heterosexualen kasuan aplikatzen den aitatasun presuntzioa. Bikote heterosexualetan, gizonari automatikoki onartzen zaio emakumeak ezkondu ondoren izandako haurraren aitatasuna, baina aitorpen hori ez zaie egingo bikote homosexualei.
Lagundutako ugalketaren inguruan gobernuaren jarrera zein izango den ere argi utzi du Taubirak. Lege proposamenak ez die ugaltzen lagunduko bi emakumez osatutako bikoteei; gizonen arteko bikoteen kasuan, arauak ez du onetsiko gizonetako baten haurra beste emakume baten umetokian ernaltzeko aukera.
Kontzientzia eragozlerik ez
Taubirak baztertu egin du gay eta lesbianen ezkontzak eragozteko asmoz udalek kontzientzia eragozpena azaltzeko aukera. «Alkateak langile publikoak dira, ezkontzetan estatua ordezkatzen dutenak, eta eginbehar horretaz harro daude». Azaldu du elkarlanean ari dela Frantziako Alkateen Elkartearekin, lege egitasmoaren xehetasun batzuk haiekin adosteko. Nolanahi ere, ziurtatu du alkateek legea bete beharko dutela: «Kode Zibila aldatuko dugu; hark agintzen du guregan, eta horrek barne hartzen ditu alkateak».
Frantziako Kode Zibileko 144. artikulua aldatu beharko du gobernuak bikote homosexualen arteko ezkontzak baimentzeko. Oraingoz artikulu horretanageri denez, ezkontzak emakumeen eta gizonen artekoa izan behar du, baina zehaztapen hori ezabatuko du gobernuak. Taubirak ez du argitu noiz eramango duen lege egitasmoa ministroen kontseilura, baina espero da urriaren amaierarako aurkeztuko dutela Asanblaea Nazionalean.
Hauteskunde kanpainan engaiatu zen François Hollande Frantziako presidentea «ezkontzeko eta adoptatzeko eskubidea bikote homosexualetara zabaltzera».
Homosexualen ezkontzak baimenduko ditu Frantziak
Gay eta lesbianen adopzioak ere onartuko dituztela iragarri du Christiane Taubira Justizia ministroak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu