Ingurumena. Hondakinen kudeaketa

Hondakin «askoz gutxiago» sortu dela eta, plana berrikusi behar dela uste du aldundiak

Birziklatzea %35 egonkortu denez atez atekoak «etorkizuneko joera» erakusten duela adierazi du Juan Karlos AlduntzinekDatuekin gezurretan aritzea leporatu dio EAJk Gipuzkoako Ingurumen diputatuari

mikel p ansa
Donostia
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Espero baino hondakin gutxiago sortu dela, batetik, eta Gipuzkoak espero baino biztanle gutxiago dituela, bestetik, kontuan hartu gabe herrialdean hondakinak atez ate bilduko dizkietela 263.000 herritarri urtebete barru; egoera eta datu berri horiek ikusita, Gipuzkoak hondakinen plana berrikusi egin behar du, Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Diputazioko Ingurumen diputatuaren esanetan: «Egungo planean zehaztutakoa baino askoz hondakin gutxiago sortzen dira».

2011n 488.000 tona hondakin sortuko zirela zehazten zuen hondakinen planak, baina askoz gutxiago sortu dira. Diputazioaren esanetan, 350.593 tona. Badago alderik oraingo eta aurreko gobernuek emandako datuetan. EAJk eta H1!ek gobernatutako aldundiaren arabera, 2009an 426.000 tona hondakin sortu ziren Gipuzkoan; 2010ean, 406.000 tona. Bilduk gobernatutako aldundiaren hitzetan, 2009an 353.540 tona (73.000 gutxiago), eta 2010ean 356.733 tona (50.000 gutxiago) hondakin sortu ziren.

Kontaketan egon liteke aldea, BERRIAk jakin ahal izan dueneraino. EAJk eta H1ek kudeatutako diputazioak mankomunitateen datuak jasotzen zituzten, baina kudeaketa pribatua duten hondakin batzuen kontuak ere aintzat hartzen zituen (ur araztegietako lohiak, industriako hondakinak...). Bilduk gobernatutako diputazioak, aldiz, kudeaketa publikoa duten hondakinak bakarrik hartu ditu aintzat. Ez ditu zenbatu, esaterako, Mutiloako zabortegian pilatzen diren zakarrak, haien kudeaketa esku pribatuetan dagoela. Alduntzinen hitzetan, bestalde, oso zaila da datu horiek eskuratzea, kudeaketaren pribatutasun horregatik.

Datuen azterketek eztabaida eragin dute Bilduko eta EAJko ordezkarien artean. Alduntzinen ustez, EAJren gobernuak «nahasi» egiten zituen datuak, Gipuzkoak zabor gehiago sortzen zuela adierazteko. EAJko batzarkide Imanol Lasaren esanetan, Bilduk «nahita» jaitsi du hondakinen kopurua, Gipuzkoak gutxiago birziklatzen duela adierazi nahian.

Eztabaidak eztabaida, mankomunitateek emandako datuetan oinarritu direla berretsi du Alduntzinek; «kudeaketa publikoan ari garenoi hori dagokigu». Eta mankomunitateek azken urteei buruz emandako datuetan hondakinen sorrera egonkortu egin dela antzematen da; birziklatze tasa ere, %35 inguruan «egonkortu» da, Gipuzkoako mankomunitate guztietan, Alduntzinen hitzetan: «Pixka bat gora egin du, atez atekora pasatu diren hiru udalen eraginez: Hernani, Oiartzun eta Usurbil».

Gipuzkoarrek sortutako hondakinen ia bi herenak zabortegira joaten direla nabarmendu du Alduntzinek. «Errefus horrek sortzen ditu kalteak eta arazoak». Iaz 225.053 tona zabor bota zituzten gipuzkoarrek zabortegietara; bestela esanda, gipuzkoar bakoitzak 309,5 kilo hondakin bota zituen zabortegira. Aldiz, gipuzkoar bakoitzak 171 kilo atera zituen zakartegietatik, birziklatuta edo berrerabilita. Emaitza horietan atez atekoak egin duen ekarpena nabarmendu du Ingurumen diputatuak.

Debabarrenak tasa apalena

Mankomunitateen artean ez da alde handirik, bilketa selektiboari eta birziklatze mailari dagokionez. Debabarrenako mankomunitateak du birziklatze tasarik txikiena (%22,6); izan ere, materia organikoa bereizita biltzeko batere sistemarik ez du izan mankomunitate horrek, oraintsu arte. Birziklatze tasa handiena, berriz, Debagoienak du: %38,1. Hondakinak atez ate biltzearen aldea ere erakutsi du Alduntzinek: %85,99 birziklatzen dute, batez beste, Hernanin, Oiartzunen eta Usurbilen —Antzuolako datuak ez dituzte bereizi, urte osoko datuak ez zeudelako; iazko urrian, adibiderako, %92ko bilketa selektibora iritsi zen—. Birziklatze tasa %35ekoa izanik, atez atekoa egiten duten hiru herri horien datuak aintzat hartu gabe, Gipuzkoako birziklatze tasa %33,1era jaitsiko litzateke, diputazioaren datuen arabera.

Alduntzinek adierazi du ez duela bilketa sistemen arteko «borrokan» hasi nahi: «Datuak, datuak dira. Ezer ez egitea baino hobea da bosgarren edukiontzia». Hala ere, atez atekoaren emaitzak hobeak direla seinalatu du, ordea, Alduntzinek: «[Datu horiek] Erakusten dute, gure ustez, hondakinen kudeaketak etorkizunean izan behar duen joera. Diferentziak merezi du, udalek beren ikerketak egin ditzaten, hondakinek zabortegietan ez bukatzeko». Gogorarazi du zabortegira botatzen den hondakin tona bakoitzeko 140 euro ordaintzen dituztela udalek, eta bi adibide eman ditu: Donostiari bost milioi euroko kostua dakarkio, eta Zarautzi 600.000 eurokoa. «Zabortegira doana, dirua da. Astakeria bat ari gara egiten hondakinen kudeaketan. Badaude sistema eraginkorragoak, gaur Gipuzkoan daukaguna baino, eta udal bakoitzak bere kontuak egin behar ditu». Birzikla daitekeena zabortegira ez eramateko, udal bakoitzak bere erabakiak hartu beharko dituela erantsi du Alduntzinek.

Udal batzuek atez atekorik jartzen ez badute errauste planta, txikiagoa, onartuko ote duen galdetu diote kazetariek Alduntzini: «Ez. Esan dugu lehenago ere». Txingudiko mankomunitateagatik galdetu diote orduan. «Autonomoak dira beren erabakiak hartzeko», erantzun du Ingurumen diputatuak, mankomunitateak errauste planta eraiki nahi badu haren kontua dela aditzera emanez.

Nolanahi ere, hiri handietan hondakinak atez ate biltzea ezinezko dela diotenei galdera egin die Alduntzinek, betiere gogorarazi udalei dagokiela halako erabakiak hartzea: «Turinen eta Bruselan posible bada hondakinak atez ate biltzea, Donostian zergatik ez da posible izango?».

«Ezin da %70 baino gehiago»

EAJk ez du bat egiten Ingurumen diputatuaren iritzi horiekin: «Berriro ere, Alduntzin jaunak faltsutu egin ditu atez ateko sistemaren emaitzen errealitatea. Demostratua dago ezinezkoa dela hondakinen %70 baino gehiago birziklatzea». Europan gehien birziklatzen duten herrialdeak—Alemania, Herbehereak, Austria, Suedia, Danimarka...— inoiz ez direla Alduntzinek emandako birziklatze tasetara iritsi adierazi du EAJk. «Gainera, gehien birziklatzen duten herrialdeek erraustearen alde egiten dute».

Jeltzaleek gogora ekarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiak iaz eman zuen datua: Gipuzkoak hondakinen %43 birziklatzen zuela 2010ean —Alduntzinen hitzetan: %34,1—. Datu horiek ez dira egiazkoak, EAJren esanetan: «Alduntzin jaunak ez ditu kontuan hartu ontzi arinen eta paperaren eta kartoiaren bilketaren errefusa, bolumen handiko gaien errefusa, araztegietako lohiak, hondakinen turismoa, industria eta denetako hondakinak... Hondakinen kalkulu eta plangintza txarrek eraman gaitzakete zabortegiek gainezka egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.