HONDAKINEN KUDEAKETA

Hondakin organikoaren bilketa bikoiztu egin da Gipuzkoan urtebetean

Aurtengo lehen zazpi hilabeteetan 13.294 tona materia organiko bildu dira Gipuzkoan konpostatzeko. Urtebetean bikoiztu egin da kopurua —6.791 tona bildu ziren iaz urtarriletik uztailera bitartean—.

Urtetako zabortegia, Zarautzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
2014ko irailaren 6a
11:17
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, bi faktore eragiten ari dira aldaketa hori: "Udalerrietan hondakinak gaika biltzeko sistema eraginkorrak jarri izana, batetik, eta herritarren konpromiso eta ahalegina, bestetik".

Horren ondorioz, zabortegietara bidalitako hondakin kopurua aurtengo lehen zazpi hilabeteetan iazko epe berean baino % 10,2 gutxiago izan da —101.908 tona aurten, eta 113.507 tona 2013an—.

Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak adierazi duenez, datuok adierazten dute lurraldea "norabide egokian" doala eta norabide aldaketa horren protagonistak herritarrak direla: “Eskerrak eman behar dizkiegu hondakinen alorrean gauzak txukun egiten ari diren milaka eta milaka gipuzkoarrei. Gipuzkoan aldaketa soziala ere badago arlo honetan: denok ohiturak aldatzen ari gara, eta hondakinak gaika sailkatzen, konpostatzen, arduraz jokatzen… ikasten ari gara”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.