Hondakinen kudeaketari buruz apenas izan den adierazpenik hauteskunde kanpainan orain arte, eta atzo Ezker Batuak atera zuen gaia hizpidera. Erraustearen aurka egin zuen Alba Gutierrez Gipuzkoako zerrendaburuak. Haren esanetan, frogatuta dago kutsatu egiten dutela zaborra erretzeko plantek. «Atmosfera kutsatu egiten dute gai toxikoekin, eta osasunarentzat arriskutsuak dira». Ekonomiaren ikuspegitik ere errauste plantak apustu kaskarra direla ohartarazi du. Hondakinak gaika biltzearen alde egin du, horrenbestez, eta eskatu du era horretako plantarik ez eraikitzeko Gipuzkoan. Zubietan jarri nahi dute planta EAJ, PSE-EE eta PPk.
Hondakinak sailkatuta batzea eta materia organikoarekin konposta egitea, bi neurri horien alde egin dute Ezker Batuko ordezkariek. «Etorkizuneko apustua hori da: hondakin gutxiago sortzea, berrerabiltzea eta birziklatzea». Gaika sailkatuz gero birziklatzea %80ra ere irits daitekeela nabarmendu du. «Errauste plantak baino askoz lanpostu gehiago sortzen ditu, gainera, eta merkeagoa da». Hondakinei buruz EAJk, PSE-EEk eta PPk duten jarrera «ulertezin» zaio Ezker Batuari.
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Ezker Batua
Hondakinak gaika biltzea ezinbestekoa dela dio EBk
Errauste planten kontra jardun du Ezker Batuak, kutsagarriak direlakoan; Gipuzkoan horrelakorik ez eraikitzeko eskatu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu