Hondakinak Igorrera eramaten jarraitu nahi du Gipuzkoak

Iaz 22.758 tona zabor eraman zituen Bizkaira, baina horien %24 Ermuko eta Mallabiko hondakinak izan ziren

mikel p ansa
Donostia
2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Datozen hiru urteetan Igorreko zabortegira (Bizkaia) hondakinak eramaten jarraitu ahal izateko ituna berritzeko eskatuko du Gipuzkoako Foru Aldundiak, atzo Juan Karlos Alduntzin Ingurumen diputatuak jakinarazi zuenez. Maiatzean bukatuko da ituna, eta Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez badu hondakinen kudeaketa plana zertan den argitzen, «Gipuzkoako hondakinik» ez duela gehiago hartuko.

Baina arazoa konplexuagoa da, Bizkaiko hondakinak ere bai baitaude tartean: Gipuzkoak Igorrera bidaltzen dituen hondakinen laurden bat inguru Ermukoak eta Mallabikoak dira (Bizkaia). Ituna sinatu zenean, bi diputazioek adostu zuten Gipuzkoako 25.000 tona hondakin hartuko zituela, urtero, Igorreko zabortegiak —iaz 23.758 tona hartu zituen—; Debabarrenako mankomunitatea dago Igorreko zabortegitik gertuen, eta esku horretako hondakinak dira, nagusiki, Igorrera bidaltzen direnak—iaz, 22.217 tona—.

Debabarrenako mankomunitateak, nolanahi den ere, Ermua eta Mallabia ere barruan hartzen ditu. Beraz, Igorreko zabortegiak Bizkaiko hondakinak ere hartzen ditu, ez Gipuzkoakoak bakarrik. Datu hori baieztatu du Alduntzinek: iaz Ermuko eta Mallabiko 5.361,7 tona hondakin hartu zituen Igorrek —Debabarrenan sortutako hondakin guztien %24—.

Datu hori aintzat hartu gabe, Gipuzkoari laguntzeko prest egon dela adierazi du Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Baina Bilduk Gipuzkoako hondakinen kudeaketan egin dituen aldaketek ituna berritzeko aukerak trabatzen dituztela ere adierazi du Bilbaok; Bizkaiko Batzar Nagusietan, ituna luzatzearen aurka agertu izan dira PSE eta PP ere. EAJk, ohar bidez, zehaztu du itun hura sinatu zela, Gipuzkoak errauste planta bat eraikiko zuelako. Alduntzini «prepotentziaz» aritzea leporatu dio EAJk: «Bizkaiari eskatu dio beraiek ez duten erantzukizuna». Bizkaiak elkartasuna sobra ere erakutsi duela uste du EAJk.

Ezer aldatu ez delakoan

Alduntzinek bestela ikusten du arazoa. Diputazioek sinatutako paperek jasotzen zuten akordioa beste hiru urtez luzatzeko aukera. Errauste planta, berez, 2015 arte ez zela eraikiko eta ituna ordura arte luzatzeko adostua izan zela oroitarazi du Alduntzinek. Errauste planta ez, baina hondakinen kudeaketarako beste azpiegiturak 2015erako prest izango direla eta, beraz, ituna kolokan jartzeko zer aldatu den ez duela ulertzen adierazi du Alduntzinek: «Galdetu beharko litzaioke Bizkaiari, ea zer aldatu den». Itunak errauste planta egiteari buruz ez zuela ezer zehazten erantsi du.

Bizkaiak ituna trabatzerik ez duela espero adierazi du Alduntzinek, baina ituna luzatzerik ez bada Gipuzkoak bestelako konponbideak aurkituko dituela seguru agertu da. Esaterako, urtebeteko epean hondakinak atez ate biltzen hasiko diren 34 herrien ekarpenarekin, Gipuzkoatik kanpora 25.000 tona zabor eramateko beharrik ez dela izango adierazi du, hala uste duela. «Neurri handi batean konponduko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.