Hondakinak jasotzeko «prest» dagoela gezurtatu du Debagoieneko Mankomunitateak

Jaurlaritzak atzo adierazi zuen Epele zabortegiak 350.000 tona zabor jaso ditzakeela. Hondakindegia itxita dago orain.

Epele zabortegia. DEBAGOIENAKO MANKOMUNITATEA
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 25a
16:54
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuorde Elena Morenak atzo adierazi zuen Zaldibarko zabortegiko hondakinak inguruko zabortegi publikoetara eramateko aukera, eta nabarmendu zuen lau hondakindegi zaborra jasotzeko «prest» daudela: Jata-Lemoiz (Lemoiz, Bizkaia), Artigas (Bilbo), Epele (Bergara, Gipuzkoa) eta Gardelegi (Gasteiz). Debagoieneko Mankomunitatea da Epele zabortegiaren arduradun nagusia, eta hark Ingurumen Sailaren baieztapena gezurtatu du: «Debagoieneko Mankomunitateak ez du oraingoz prestutasunik azaldu Epele zabortegia berriz ireki eta hondakin industrialak jasotzeko».

Jaurlaritzak adierazi zuen Bergarako zabortegiak 350.000 tona hondakin jaso ditzakeela, «egokitzapena eginez gero». Aurretik, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak ere adierazi zuen hura zela «hondakin industrial ez-arriskutsuak» jasotzeko aukera bakarra. Gaur egun, ordea, Epele zabortegia itxita dago, eta Mankomunitateko Ingurumen Batzordeak erabaki beharko luke hura berriz irekitzea. Mankomunitateak azaldu du «azterketa tekniko eta ekonomikoak» egiten ari direla, eta datozen asteetan hartuko dutela irekieraren inguruko erabakia.

Epeleko zabortegiaz gain, Jaurlaritzaren arabera, Jata-Lemoizek eta Artigasek 550.000 tona zabor jaso dezakete. Gardelegik, berriz, milioi bat metro kubo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.