HONDAKINEN KUDEAKETA

Hondakinen errausketa, eztabaidagai Mexikon ere

Mexiko Hiriko Gobernuak Veoliari eman dio errauste planta bat eraikitzeko kontratua. Ereduak kexak eragin ditu.

jarraia135845.jpg
2017ko ekainaren 14a
11:26
Entzun

30 urtez hiriko 4.500 tona hondakin errausteko planta bat eraiki nahi dute Mexiko Hirian, baina tokiko hainbat adituk ohartarazi dute Mexikoko legeak nahiz nazioartekoak urratuko dituela erraustegiak.

Veolia enpresako adar Proactiva Medio Ambienteri eman dio gobernuak erraustegia eraikitzeko kontratua. Horrek, ordea, protestak eragin ditu. Raul Sergio Cuellarrek, 1997 eta 2005 artean Mexiko Hiriko Hondakin Solidoen zuzendaria izandakoak, Efe agentziari adierazi dio termobalorizazio kontzeptua —hala deitu diote plantari— "eufemismo bat" dela errausketa hitza ez erabiltzeko.

"Mexikok Stockholmeko Ituna sinatu zuen errausketa eteteko, eta, beraz, ezin ditu onartu substantzia toxikoak sortzen dituen teknologiak, ez baitago modurik dioxinei eta furanoei eusteko", esan du Marisa Jacott Fronteras Comunes erakundeko zuzendariak.

Mexikon, 2004az geroztik dago Stockholmeko Ituna indarrean. Horren arabera, herrialdeek konpromisoa hartzen dute "hondakinen aire zabaleko errausketa eta kontrolatutako beste errausketa mota batzuk amaitzeko".

Veoliak argudiatu du termobalorizazioak berotegi efektuko gasen isuriak murrizten dituela, eta dioxinen isurketak kontrolatzen. Hiri Kudeaketako Agentziako buru Jaime Slomianskik ere defendatu du errausketa, argudiatuta Europan eta Asian emaitza onak eman dituela.

Ingurumenaren aldeko hainbat erakundek salatu dutenez, errausketa, ituna urratzeaz gain, "ingurumen garbia izateko eskubidearen" aurkakoa da. Mexikoko Greenpeaceko zuzendari Gustavo Ampugnanik adierazi duenez, 2011n Bordo Ponienteko zabortegia itxi zutenetik —Latinoamerikako handiena zen—, aukera galdu zen "zero zabor eredua" ezartzeko: "Igarotzen utzi zuten, eta gaur esaten digute:  zaborra erretzen dugu, edo izorratzen zarete eta zaborra kalean egongo da. Hiriko gobernua bere buruaren aurka ari da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.