HONDAKINEN KUDEAKETA

Hondakinen gaian "kalte larria" eragitea egotzi diote Gipuzkoako Diputazioari

Batzar Nagusiek ebazpen bat onartu dute EAJren, PSE-EEren eta PPren botoekin. Indarrean den araudia ez betetzea egotzi diote foru gobernuari. Bilduk erantzun du egokia izan dela errauste planta ez egitea.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, iazko bilkura batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko martxoaren 30a
13:44
Entzun

Hondakinen gaiak zeresan handia jarri du Gipuzkoan agintaldi osoan, eta azken osoko bilkuran ebazpen gogor bat onartu dute EAJk, PSE-EEk eta PPk foru aldundiaren kudeaketaren kontra.

Besteak beste, legeak ez betetzea eta hondakinen partzuergoa arriskuan jartzea leporatu diote Bilduren gobernuari. Nabarmendu dute hondakinen kudeaketari buruzko planak egiteko eskumena Batzar Nagusiek dutela, eta hori ez errespetatzea salatu dute —egun indarrean den planak, besteak beste, errauste planta bat aurreikusten du Zubietarako, baina ez dute eraikiko—.

Oposizioko taldeen iritzian, kudeaketa okerra izan da: “Hartutako erabakiak, Gipuzkoari kalte larria eragiteaz gain, lurraldean ziurgabetasun handia eragin dute, Plangintzaren arabera onartutako azpiegiturak eraikitzea bertan behera utzi izanak epe motz, ertain zein luzera kalte handia eragin die Gipuzkoako herritarrei”.

Bilduk erantzun du egokia izan dela aldundiaren jarduna. Berrerabiltzearen eta birziklatzearen aldeko neurriak izan direla nabarmendu du, eta ona izan dela errauste planta bertan behera uztea. “Herentziaz” mintzatu da koalizioa: bozen ondoren sinatu zirela kontratuak, eta horregatik pagatu behar izan direla kalte-ordainak.

Batzar Nagusiek onartutako ebazpena fiskaltzari eta Europako Batzordeari igorriko diote. Gainera, konpromiso bat hartu dute hiru taldeek: beste ikerketa batzorde bat sortuko dute, hondakinen kudeaketa aztertzeko eta oraingo agintaldiko jardunaren erantzukizun politikoak argitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.