Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren Jarraipen Batzordeak bilera egingo du bihar, eta Gipuzkoan ezarri nahi duten bigarren errauste planta non jarriko duten erabakiko du. Foru Aldundiak egindako azterketak jasotzen dituen bederatzi tokietatik bat aukeratu beharko du: Bergara (Aldeta-San Kristobal), Villabona (Amasamendi), Usurbil (Arpita-Zaharra), Zubieta (Ezkuzaitzeta), Donostia (Loistegikogaina), Zestoa (Oliden), Urnieta (Pagoadarraga), Ormaiztegi (Sasieta I) eta Beasain (Sasieta II).
Beste errauste planta Txingudiko bailararentzat izango da Hendaia, Hondarribia eta Irun biltzen ditu, eta Gaintxurizketako Zaldunborda baserriko lursailetan egingo dute.Biharko bileran zazpi mankomunitateetako presidenteak, aukeratu dituzten zortzi udaletako alkateak, Foru Aldundiko Garapen Iraunkorreko diputatu Luis Maria Oiarbide eta Batzar Nagusietako alderdi politikoak izango dira. Behin betiko kokagunea bozketa bidez erabakiko dute, eta bozketan zazpi mankomunitateek eta zortzi alkateek izango dute boto eskubidea. Bakoitzak kokagune bat aukeratuko du. Kokaguneen artean berdinketarik izango balitz, Diputazioak izango du berdinketa hautsiko duen botoa emateko eskubidea.
Mankomunitateak eta erakundeak biharko bilera prestatzen aritu diren bitartean, herrietan areagotu egin dira errauste planten aurkako mobilizazioak eta hainbat herritan ere plataforma berriak sortu dira; besteak beste, Usurbilen, Villabonan, Añorgan, Errenterian eta Goierrin.
Zestoan, erreferenduma
Baina, mobilizazioez gain, hainbat herritan ez ohiko udalbatzarrak egin dira errauste planten gaia aztertzeko. Udalek, eta, zehazki, alkateek gai honen aurrean hartuko duten jarrera jakin ahal izan da, lehendabiziko aldiz. Horren lekuko Zestoan eta Usurbilen gertatutakoa. Urola Kosta Bizirik plataformak ekainaren 22an, 200 sinadurak babesturik, premiazko udalbatzarrerako deialdia egin zezala eskatu zion alkateari.
Udalbatzarra uztailaren 14an egin zuten, azkenean, 250 herritarren aurrean. Plataformak proposatutako mozioak, 3.000 sinadurak babesturik, honakoa dio: «Zestoako Udalari eta, bereziki, alkateari eskatzen diogu legearen aldetik behar den guztia egin dezala Zestoako udalerrian ez eraikitzeko errauste plantarik eta alkatearen eskumenekoa den udal lizentziarik ez ematea errauste planta Zestoako eremuan egiteko». EAJ-EA koalizioko sei zinegotziek mozioaren aurka bozkatu zuten; eta Bagoaz herri kandidaturako lau zinegotziek alde. Herritarrek, hala ere, Udalari erabakia erreferendum bidez hartzea eta herri galdeketaren emaitzak errespetatzeko eskatu zioten. Udalbatzak aho batez onartu zuen, eta horrez gain, konpromisoa hartu zuen irailaren 30a bitarteko epean, Urola Kosta Bizirik Plataformarekin bildu eta galdeketa antolatzeko.Plataformaren ustez, galdera zehatza izan behar du: «Zure herrian errauste plantarik nahi duzu, bai ala ez?». Horrekin batera, Zestoako alkateak biharko bileran errauste plantaren aldeko botorik ez emateko konpromisoa hartu zuela jakinarazi du plataformak, «harik eta herri galdeketaren emaitzekin herriaren nahia ezagutu arte». Beraz, bihar ikusi beharko da Zestoako alkateak zein jarrera hartzen duen.Zestoan erabakitakoaren haritik, Usurbilen ostegunean Udalaren jarrera zein izango den azaltzeko eginiko udalbatzarrean, bertaratu ziren herritarrek azken erabakia herri galdeketa baten ostean har dezala proposatu zioten alkateari (EA). Alkateak, ordea, ez zuen onartu herritarren eskaera. Plenora EAko bost zinegotziak azaldu ziren soilik ; EAJ (5), PSE-EE (2) eta PPkoek (1) ez zuten parte hartu. Udalak errauste plantaren aukeraren alde egin zuen, eta planta kokatzeko «egoera naturalean dauden guneak ez egokitzat» jo zituen. Honela, biharko «leku degradatu» bat proposatzea onartu zuen udalbatzak: hau da, Sasieta I edo II (Beasain-Ormaiztegi) edo Urnieta. Halaber, Usurbilgo kokagunea hautatuko balute eta Udalak lurren kalifikazioa aldatu eta obrak hasteko lizentziarik emango lukeen galdetuta, ez zuten erantzun.Usurbil Bizirik taldearen esanetan, Udalarentzat ere mesedegarria litzateke azken erabakia herritarrekin hartzea. «Alferrik, ordea. Egoskortu dira, erabakitzeko gaitasuna dutela eta, harrokeriaz, ardurak onartuko dituztela esan dute».
HONDAKINEN KUDEAKETA. ERRAUSTE PLANTAK. Giroa, geroeta beroago
Gipuzkoako bigarren errauste plantarenbehin betiko kokagunea bihar erabakiko dute Jarraipen Batzordearen bileran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu