«Demokrazia kontua». Horixe izan da, Juan Carlos Merino Errenteriako alkatearen arabera, bera San Marko mankomunitateko lehendakari izendatu izana. Kritiko azaldu da aurreko zuzendaritzaren kudeaketarekin. «Kudeaketa txar hori konpontzen saiatuko gara», nabarmendu du.
Zein lehentasun eta helburu dituzu San Markoko lehendakari gisa?
Gaurko [atzoko] batzarrean zegoen giro asaldatuak harritu nau gehien. Beraz, giroa baretzen saiatuko naiz. Gainera, eztabaida faltsu bat sortu da hondakinak jasotzeko eta ezabatzeko sistemen artean. Nahastu egiten dira. Beraz, hori argitu nahiko nuke. Zaborrak jasotzearen kasuan, lehentasuna ahalik eta gehien birziklatzea izan behar du. Ezabatzearen kasuan, aldiz, garbi utzi behar da 0 zaborra ez dela existitzen. Milaka eta milaka tona hondakin daude birziklatu edo berrerabili ezin daitezkeenak, eta horien kasuan bi aukera daude: zabortegira botatzea edo erraustea. Gainera, zaborren kudeaketan ematen diren pauso guztiak herritarrak konbentzituta daudelako eman behar dira. Pertsona edo familia bat ezin da birziklatzera behartu, baina bai lan pedagogiko baten bidez hori egitera bultzatu. Atez atekoaren kasuan ez da hala izan. Oiartzunen, adibidez, badago zaborren turismoa. Egiteko prest ez dauden gauza bat inposatu zaienez, bizilagun batzuk beste herri batzuetara doaz zaborra botatzera.
Atez ateko sistema ezarri den hiruherrietan, %30 inguru birziklatzetik, %80 inguru birziklatzera igaro dira. Zein iritzi diozu sistema horri?
Ez da hondakinak biltzeko sistemarik egokiena. Baina, San Markoko presidentea naizen aldetik, sistema hori ezarri nahi duten udalek askatasun osoa izango dute.Hori bai, beren poltsikotik ordaindu beharko dute. Izan ere, orain arte,San Markoko funtsen zati bat atez atezkoa sustatzeko izan da. Hori onartezina da. Bestalde, %80-%85 hori zalantzazkoa da. Izan ere, hori Lapatxera konpostatzera bidaltzen dena da. Baina horri bueltan datorrena kendu behar zaio: errefusa.
Zein sistema proposatzen duzu zuk zabor organikoa jasotzeko?
Bosgarren edukiontzia.
Zuek Errenterian urteetan aritu zarete San Markoko zabortegia ixteko borrokan, baina oraindik ez duzue bosgarren edukiontzia. Zergatik?
Erabaki hori Gipuzkoako udal guztiek hartu beharko genuke elkarrekin. Zaborren inguruan erabaki komunak hartzeko sortu zen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa, eta haren bidez hartu beharko litzateke halako erabaki bat.
Partzuergoa da Zubietako errauste plantaren sustatzaileetako bat. Zu ere horren aldekoa zara?
Aukera guztiak txarrak izanik, onena da. Kasu honetan, uste dut ez dela behar bezalako lana egin errauste planta bat ezartzeak dakarrena azaltzeko. Hemen, orain 30 urte, zaborra labe batzuetan sartu, eta su ematen zitzaion erretzeko. Gaur egun, ordea, errauste plantek filtroak eta abar dituzte, eta kutsadura arazoak izugarri murrizten dira.
Errausteplantak, halere, dioxinak isurtzen ditu. Osasunerako Munduko Erakundeak berak ohartarazi du horien arriskuaz.
Barbakoetan jaten ditugun arkume txuleta goxoek ere dioxina mordoa dute, eta iazko udan Islandian erupzioan egon zen sumendiak ere milioika tona dioxina jaurti zituen. Horrekin esan nahi dut zerbait erretzen den bakoitzean dioxinak isurtzen direla. Gaur egun, ordea, teknologiaren bidez kontrol handia dago. Alemaniako errauste plantetako bat haurrentzako erietxe batean parean dago, adibidez. Beste kontu bat da nik etxe parean nahiago izatea parke bat jartzea.
Zer irizten diozu haurreko zuzendaritzaren lanari?
Ezin da ontzat jo. Ez zaio lehentasuna eman San Markoko zabortegiaren behin betiko zigilatzeari. Bestalde, partzuergoak egindako edozein urratsen aurka egin dute, kasu askotan auzitara joz. Horrekbehar ez zen gastua ekarri du. Gainera, atez atekoaren alde egin duten apustua baztertzaile eta erradikala izan da, eta horrek hipotekatu egin gaitu. Hori guztia konpontzen saiatuko gara. Baina sei hilabete falta dira hauteskundeetarako, eta zaila izango da.
Haiek salatzen dute atez atekoarekin zalantzan jarri dutela errauste planta, eta horregatik «bota» dituztela.
Indar batzuk batu gara, eta nik Imanol Azpirozek baino babes handiagoa lortu dut. Demokrazia kontua da hori. 2007an ez nuen haien aldetik kexarik entzun.
Zuri hiru urte hauetan batzar bakar batera joatea egotzi dizute.
Udal bakoitzak bi ordezkari ditu batzarrean. Horiek joan ezin badira, bi ordezko daude. San Markoren batzar guztietan egon dira hiru urte hauetan Errenteriako Udaleko bi ordezkari.
HONDAKINEN KUDEAKETA. GOBERNU ALDAKETA SAN MARKON. «Baztertzailea eta erradikala izan da atez atekoaren alde egin duten apustua»
Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarekin bat egitearen eta errauste planta eraikitzearen alde dago Juan Carlos Merino, San Marko mankomunitateko lehendakari berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu