Hain zuzen, atzo hartu zuen Juan Carlos Merino Errenteriako alkateak San Markoko lehendakaritza bere gain, PSEren, EAJren eta Hamaikabaten aldeko botoei esker. Orain arteko zuzendaritzak ziurtatu du hiru urteotan ez dela mankomunitateko bilera bakar batera ere joan. Mankomunitateko presidenteordetza EAJren esku geratu da, eta Zorione Etxezarraga Astigarragako zinegotzia izango da aurrerantzean lehendakariordea.
Atez atekoa Usurbilen hasi eta mankomunitateko beste herri batzuetara zabaldu -Hernani eta Oiartzun- eta gutxira erabaki zuten PSEk, EAJk eta Hamaikabatek mankomunitatea eskuratzea: Lasarte-Oriako eta Urnietako udalek mankomunitatean zituzten ordezkariak aldatzea erabaki zuten, horrek mankomunitateko indar erlazioak aldatzea eragingo zukeelako, EAJren eta PSEren mesedetan eta atez atekoaren sustatzaileen kaltean. Hala, ezker abertzaleari eta EBri gehiengoa kendu diete, eta atzo bertan geratu zen agerian aldaketaren eragina. Mankomunitateko zuzendaritza aldatzeaz gainera, San Markok Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan dituen ordezkariak aldatu zituzten. Orain arte, Ricardo Ortega (EB), Imanol Azpiroz (ezker abertzalea) eta Denis Itxaso (PSE) ziren ordezkariak; atzotik aurrera, Denis Itxaso, Zorione Etxezarraga (EAJ) eta Imanol Azpiroz dira.
Herritarrak kanporatu
Ezohiko batzarra zen atzokoa San Markon, eta ezohiko itxura hartu zuen. Zuzendaritza aldaketa salatzeko, herritar ugari bildu ziren mankomunitateko Donostiako egoitzara. Aurrena kanpoan egin zieten harrera EAJko eta PSEko ordezkariei, buzo zuri, puxika urdin eta loreontziekin. Gero, bilera aretora sartu ziren. Guztientzat ustekabean, ordea, lehen puntua amaitu bezain pronto -kargu aldaketaren puntua-, Juan Carlos Merinok herritarrak eta komunikabideak kanporatu zituen, bilera irekia eta publikoa izan arren. Minutu eskas zuen lehendakari gisa.
Herritarrek aretoa utzi aurretik, baina, opari bat egin zioten Merinori. Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideek atez atekoan zati organikoa biltzeko erabiltzen den edukiontzia hondakin organikoarekin lortutako konpostez bete zuten, eta loreak eta barazkiak landatu. Hondakinekin zaborra sortu eta kutsatu beharrean baliabideak, elikagaiak eta gauza osasuntsuak sor daitezkeela adierazi nahi izan zuten horrekin. Edukiontzi horietako bat oparitu zioten, «herritarren osasunari kalte egingo dioten politikak ez ditzan aurrera eraman eskatzeko».
Ainhoa Arrospide Gipuzkoa Zero Zaborreko kideak Merinok hartutako «lehen erabakia» salatu zuen: «Kudeaketan gardentasuna aldarrikatzen ari diren horiek kaleratu gaituzte. Zer ezkutatu nahi dute? Zergatik kaleratu nahi gaituzte? Noren zerbitzura ari dira lanean?». Hain zuzen, herritarrak eta komunikabideak kanporatu ondoren hartu zituzten idazkaria eta kontu hartzailea kargutik kentzeko eta partzuergoko ordezkariak aldatzeko erabakiak.
Azpirozen hitzak
Bilerako lehen puntuan Imanol Azpirozek baino ez zuen hitz egin. Legegintzaldi honetan mankomunitateko lehendakari gisa esan zituen azken hitzak izan ziren. Horren jakitun, luze aritu zen, eta aho bizarrik gabe. «Denbora daramazue komunikabideetan gezurrak esan eta esan, baina sentitzen dut. Oraindik lehendakaria naizenez, nire hitzak entzun beharko dituzue», esanez hasi zen. «Hiru urtez lan eta lan aritu gara, zuek ez bezala», leporatu zien EAJko eta PSEko ordezkariei. Haren arabera, gaikako bilketari «sekulako bultzada» eman diote eta Diputazioak egin nahi duen «basakeria» agerian utzi dute. «Morroiak ez ditu falta izan. Hemen zaudete batzuk». Arriskatu egin dutela deritzo, eta arazoari adarretatik heldu diotela. Koldarrak deitu zien, «morrontzaz betetako politikari profesional txarrak». Gainera, probetxuzko ezer onik ez egitea aurpegiratu zien, eta besteei ezer egiten ez uztea. «Ez nuen gutxiagorik espero. Zuetako askok urteak daramatzazue erakundeetan, aurrera eta atzera, eta zer egin duzue hondakinen arazoa bideratzeko? Soldata kobratu baino ez. Ez zarete %35etik pasatu».
Kritika gogorrak egin zizkion Denis Itxasori. Lehen errauste plantak kritikatzen zituela eta orain lobby erraustezaleen «defendatzaile sutsua» dela leporatu zion. «Bihotzik gabeko enpresa horien panpina zara. Zuk jakingo duzu zergatik».
Zorione Etxezarragari ere zuzendu zitzaion. Harengandik pribatuan animo hitzak jaso dituela jakinarazi zuen Azpirozek, eta Ibarretxeri lehendakaritza kendu zioten berberekin elkartzea leporatu zion, abertzaleen arteko elkarlanari bizkar emanda. Juan Carlos Merinori, halaber, «munduko zorterik txarrena» opa zion, errauste planta eraikitzeko lanetan eta «herritarrei kalte egiteko ahaleginean».
Kritikari horien entzutean mutu geratu ziren EAJ eta PSEko ordezkariak. Ez zuten hitza eskatu, eta ez zuten herritarren eta komunikabideen aurrean gobernu aldaketaren beharra argudiatu.
San Markoren orain arteko ibilbidea
Ordura arteko hondakinen kudeaketa irauli, eta errausterik gabeko plana jarri du abian legegintzaldi honetan San Marko mankomunitateak. Horixe izan da ezker abertzalearen eta EBren jardunaren ardatza. Hona hemen ekintza nagusiak:2007-09-05. Lehen batzar nagusia egin zuten, eta errauste plantaren aurkako gehiengoa nagusitu zen. EBko Ricardo Ortega hautatu zuten lehendakari, eta EAE-ANVko Imanol Azpiroz lehendakariorde.
2008-10-13. Ia lau hamarkadatan gipuzkoarren erdiek sortutako hiri hondakinak jaso dituen zabortegia, San Marko, ofizialki itxi zuten.
2009-03-16. Usurbilen zaborra atez ate biltzen hasi ziren. Lau aste eskasean, zaborraren %28 birziklatzen zuena %76 birziklatzen hasi zen.
2010-02-27. Zabor bilketari buruzko herri galdeketa egin zuten Usurbilen. Parte-hartzea %70,23koa izan zen, eta botoen %56 jaso zituen atez atekoak. Botoen %42,95 bosgarren edukiontzia jartzearen aldeko izan ziren.
2010-04-06. San Markok errauste planta sei urtez atzeratzeko eskatu zion Diputazioari.
2010eko maiatza. Hernanin eta Oiartzunen atez atekoa martxan jarri zuten. Gaikako bilketa %80ra igo zuten.
«Atez atekoa ezarri nahi duten udalek askatasun osoa izango dute, baina beraiek ordainduta»
JUAN CARLOS MERINO
San Marko mankomunitateko lehendakaria