Hondakinen kudeaketan bat datoz Gipuzkoa eta Europa

Europako Ingurumen komisarioa aldundiko ordezkariekin bildu da, Bruselan; elkarlanean aritzea adostu dute

Ainhoa Iraola eta Iñaki Errazkin, atzo, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Donostia
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Europako Batzordearen helburu eta ildoekin bat dator Gipuzkoako hondakinen kudeaketa plana, Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan. Europako Batzordeko Ingurumen komisario Janez Potocnikekin bilera egin zuten, astelehenean, Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek; bileraren berri eman zuen Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak atzo. Gipuzkoak hondakinen kudeaketan hartutako bideak Europako Batzordearen helburuekin eta «bide orriarekin» bat egiten duela adierazi zuen, eta Europak «berretsi» egin dituela Gipuzkoako Diputazioaren helburuak.

Iñaki Errazkin bera, Ainhoa Iraola Ingurumen zuzendaria eta Juan Carlos Alduntzin kabineteko burua egon dira Bruselan (Belgika). Potocnik komisarioarekin eta haren bulegoko kideekin egin dituzte bilerak, Willian Nealerekin eta Michel Sponarrekin. Gipuzkoa hondakinen kudeaketan egiten ari den urratsak «arretaz eta interes bereziz» aztertzen ari dira Europan, eta bilera egin aurretik ere ezagutzen zuten egiten ari denaren berri, Errazkinen esanetan. «Harrera beroa» egin dietela eta, eskerrak eman dizkie: «Oso bilera emankorra izan da, eta emaitza, ezin hobea».

Europak ezarria du hierarkia bat, zehazteko zeintzuk diren hondakinen tratamendu egokienak. Hondakinen sorrera prebenitzea, berrerabiltzea, birziklatzea eta materia berreskuratzea lehenesten du hierarkia horrek. Horien atzetik doa hondakinak energia sortzeko erabiltzea —erraustuta, adibidez—, eta aukera okerrena da zabortegietara botatzea. Errazkinek azaldu du diputazioak ere hondakinak murrizteko, berrerabiltzeko eta birziklatzeko bidea hartu duela eta, beraz, aldundiaren eta Europaren helburuek bat egiten dutela.

Europak zuzentarau bat emana du kontinenteak duen baliabide eta lehengai gabeziari buruz, eta zehaztu du hondakinak baliabide eta lehengai gisa erabili behar direla. Aurten, berriz, birzikla daitezkeen hondakinak ez errausteko aholkua eman du. Garrantzia eman dio hondakinetako materiak berreskuratzeari, hondakinak energia iturri gisa erabiltzearen aurretik. «Bat egiten dugu lehenetsi behar diren praktiketan», azaldu du Errazkinek: «Balioztatze materiala lehenetsi behar da». Zehaztu du ez dutela hitz egin errauste plantari buruz, planak ez duelako proposatzen.

Gipuzkoako herri batzuetan atez ateko bilketarekin lortu diren birziklatze tasekin interesa du Europak, diputazioko ordezkarien esanetan. «Gipuzkoan lortzen ari den berreskurapen materiala interesgarria da, Europan hurrengo urteetarako pentsatzen ari diren estrategietarako», zehaztu du Ainhoa Iraolak. Elkarlanean aritzeko eta informazioa trukatzeko konpromisoa hartu dute diputazioak eta Europako Ingurumen Batzordeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.