Hondakinen planaren garapena txalotu dute

Gipuzkoa Zero Zabor plataformak dei egin die herritarrei iganderako antolatu duen jaialdian parte hartzera

jon olano
Donostia
2012ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Gipuzkoa Zero Zabor plataformak «oso positiboa» iritzi dio hondakinak kudeatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutako planari. Elkartearen ustez, txostenak bat egiten du zero zabor filosofiarekin, eta garrantzitsutzat jo du agiriak hondakinen murrizketan, birziklapenean eta errefusaren ikerketan eragin nahi izatea. «Plana oso ona da ingurumen, ekonomia eta gizarte ikuspegitik», ziurtatu du plataformako kide Joxe Mari Irazustak.

Agerraldi bat egin zuen atzo goizean Gipuzkoa Zero Zaborrek, diputazioak aurkeztutako hondakinen kudeaketarako estrategiaren balorazio bat egin eta igandean Donostiako Saguesen egingo duten mosaikoaren egitaraua aurkezteko. Haizea Agirre plataformako kideak esan zuenez, hondakinen kudeaketa «ez toxiko» baten alde egin du aldundiak, eta gogorarazi zuen Europako Parlamentuak debekatu egin duela 2020rako material birziklagarriak erraustea.

Goiz osorako egitaraua

Testuinguru horretan antolatu dute igande honetan, ekainak 17, Donostiako Saguesen mosaikoa osatzeko aldarrikapen festa, Agirrek adierazi zuenez. 10:30ean hasiko da ekitaldia, musika eta eskulanekin. 11:00etan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak arituko dira Saguesen. 11:30 alderako, bertso saio bat prestatu dute. Eguerdian hasiko dira mosaikoan kokatzen, 12:30erako osatuta egon dadin.

Ika-mika politikoak alde batera uzteko eta plan berriaren edukien gainean eztabaidatzeko eskatu die plataformak alderdi politikoei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.