ingurumena

"Hondamendiak izateko arriskua dugu Euskal Herrian ere"

'Lurra, zorua bailitzan' liburua aurkeztu du Iñaki Petxarroman kazetariak; hemengo ingurumenari eta azpiegiturei buruzko saiakera da. Japoniako gertaera adibidetzat erabili du aurkezpenean.

2011ko martxoaren 16a
18:50
Entzun

"Egunotan Japonian gertatzen ari denak ongi azaltzen du ingurumenarekin eta lurrarekin dugun harremanaren isla: itsukeria eta zuhurtziarik eza". Horixe esanez hasi du Iñaki Petxarroman BERRIAko kazetariak bere azken lanaren aurkezpena. Lurra, zorua bailitzan (Txalaparta) liburua idatzi du, Euskal Herriko ingurumenari eta azpiegiturei buruzko saiakera.

"Ez dezagun ahaztu hondamendiak izateko arriskua dugula Euskal Herrian ere: Garoñan, Itoitzen, zentral kimikoak… Zer gertatuko da inoiz adituek iragarritako ezkerreko hegalaren mugimenduen ondorioz horma erortzen bada Itoitzen? Zer gertatzen ari da egunero Zabalgarbin errauts bihurtzen ditugun milaka tona hondakinekin? Nora doaz minbizia eragiten duten dioxina, furano eta gainerako metal astunak?". Horra Petxarromanen galderak.

Haren arabera, 30 urtean hirukoiztu egin da artifizializatutako lur kopurua Hego Euskal Herrian, hogei urtean bikoiztu egin da pertsona bakoitzak sortzen duen zabor kopurua... eta izadiak ez du ematen denerako. "Mundu osoko biztanleek guk bezainbeste kontsumitu eta kutsatuko balute, hiru Lur planeta beharko genituzke. Alegia, natur baliabideak agortzen ari gara, ez gureak bakarrik, baita besteenak ere".

Gutxiagorekin bizitzea posible dela dio, eta "onuragarria" ere badela. "Zoriontsuago egiteaz gain, ondorengoei guri utzi diguten moduko planeta bat uzteko aukera amango diegu. Ez diegu gutxiago zor. Beraz, denbora baldin badago, has gaitezen atzera".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.