Europako segurtasun araudiak betetzeko Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuko pista 300 metro laburtzeak ekar ditzakeen ondorioen inguruan aritu dira hizketan Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen kontseilaria, Hondarribia eta Londres lotuko dituen hegaldiaren inaugurazioan.
Kezkatuta azaldu dira biak hartu berri den neurriarekin. Olanok esan du Hodarribiko aireportuaren jarduera bultzatzea izan dela beti aldundiaren asmoa eta hemendik aurrera ere konpromiso berbera mantenduko dutela: "Administrazio publikoen lankidetzarekin behar den guztia egingo dugu murrizketa horiek atzeratu edo, ahal izatekotan, gelditzeko".
Hedabideen bitartez izan dute albistearen berri. Hori dela eta, "zuhurtziaz" jokatu behar dela esan du Oregik: "Ez dugu instituzioen arteko komunikazio ofizialik izan berria jasotzerako unean, baina Espainiako Sustapen Ministerioarekin harremanetan jarri gara dagoeneko". Egoerari irtenbidea eman ahal izateko lantalde bat martxan jarri behar dela esan du kontseilariak. Ministerioak eta AENAk eskuragarri dituzten ikerketak eta balorazioak jaso eta ondorioak aterako dituztela ere aipatu du. Hala ere, Hondarribiko aireportuaren etorkizuna ez du zalantzan jarri: "Beti nahi izan dugu aireportua bultzatu, mantendu eta, aurrera begira, jarduera sustatu". Aitortu du espainiar estatuak gobernurik ez izateak zaildu egiten duela lankidetza prozesua.
Londreserako hegaldi berria neurri horren "erantzun" gisa aldarrikatu du Markel Olanok, eta diputazioaren eskuetan dagoen guztia egingo dutela azpimarratu; alde batetik, teknikoki zein irtenbide dagoen ezagutzeko eta, bestetik, erakundeen arteko lankidetza sustatzeko.
Aspalditik datorren auzia da Hondarribiko aireportuarena. Eztabaida askoren ostean, 2014an segurtasun neurri bereziak onartzen zituen salbuespenezko aitorpena jaso zuen aireportuak. Orain, ordea, EASAk (European Aviation Safety Agency) ezarritako irizpide berrien ondorioz, 300 metro laburtu beharko da pista 2017 urtea bukatu baino lehen. Afodesak, aireportuaren sustapenerako elkarteak, salatu du pista mozteak hegaldi askotan eragina izango duela. Besteak beste, CRJ-200 hegazkinak ezingo du Madrilerako bidea egin, dituen dimentsioengatik; Vueling-eko hegaldiekin zer gertatuko den ere, ikusteko dago.