Haizea zakar dabil egunotan, eta hamaika arazo sortzen ari da gaur. Hala, haize ufada gogorrak direla eta, Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportua helmuga zuten hiru hegaldi desbideratu dituzte gaur. Hain justu ere, Bartzelonatik (Herrialde Katalanak) zetozen bi hegazkin Noaingo (Nafarroa) aireportura bideratu dituzte, eta Espainiako hiriburutik zetorren bat Loiuko (Bizkaia) aireportura.
AENA Espainiako hegazkintza erakundeak eman du horren berri. Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldea ari da gogorren astintzen denboralea, haize ufada handiekin. Atzo, halere, Loiuko aireportuan arazoak izan zituzten hegazkinek.
Errepideetan arazoak
Bestalde, errepideei dagokienez, hainbat arazo sortzen ari da haizea.
Gipuzkoan, Ertzaintzak jakinarazi du arratsaldeko lehen orduetan zuhaitz bat bota duela haizeak, A-8 autobidean, Polloeko tunela baino lehen, Donostia parean, Bilborako noranzkoan. Ondorioz hango hiru erraietatik bi itxita geratu dira 20 bat minutuz. Arratsaldeko 18:45ean oraindik zuhaitza erabat kendu ezinik segitzen zuten larrialdi zerbitzuek, eta ordurako errai batek itxita jarraitzen zuen.
Handik gertu, Pasaiako portuan, denboralea dela-eta bertan behera segitzen du gidariontzien zerbitzua. Hala, badiatik ezin atera jarraitzen du itsasontzi batek, eta beste bat kanpoaldean ainguratua dago, olatu handiengatik ezin sarturik.
Gipuzkoan ere, N-634 errepidera erori da zuhaitz bat, Usurbilgo Txikierdi parean. Arbola kentzeko lanetan ari dira.
Nafarroan, N-121-A errepidean tentuz ibiltzeko gomendatu dute, putzu handiak sortu direlako eta ibaiak gainezka egin dezakeelako.
Denboralea
Hondarribiko aireportutik hiru hegaldi desbideratu dituzte, haizeteagatik
Bartzelonatik zetozen bi hegazkin Noaingo aireportura bideratu dituzte, eta Madriletik zetorren bat Loiukora. Errepideetan hainbat arazo sortzen ari da haizea, eta Nafarroan, N-121-A errepidean tentuz ibiltzeko gomendatu dute, putzu handiak sortu direlako eta ibaiak gainezka egin dezakeelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu